Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketaren finalera sailkatu da Azkoitia

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 19a, 19:42

Finalerdietako itzulerako partidak jokatu ditu gaur Azkoitiak Tolosaren aurka, eta 2 eta 1 gailendu da Tolosa. Dena dela ere, joaneko emaitzak kontuan hartuta, final handira sailkatu da Azkoitia. Datorren asteburuan izango da finala; Donostiaren aurka neurtuko dituzte indarrak Azkoitiko palistek.

Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketaren finalerdiaren itzulerako partidak jokatu ditu gaur Azkoitiak. Tolosaren aurka neurtu dituzte indarrak Azkoitiko palistek, Irurako Udal Pilotalekuan, 17:00etan hasita. Joaneko neurketetan 3 eta 0 gailendu zen Azkoitia, eta, beraz, alde zituzten aukera guztiak. Eta ez dute hutsik egin herriko palistek: gaur 2 eta 1 galdu duten arren, final handira sailkatu dira.

Lehen partidan, Iker Epeldek 20 eta 9 irabazi du buruz buru. Ondoren, binaka neurtu dituzte indarrak Igor Juaristik eta Aratz Zabaletak, eta haiek 11 eta 20 galdu dute neurketa. Azkenik, zazpi koadroren barruan lehiatu da Markos Azpiroz, eta hark ere ezin izan du irabazi: 12 eta 20 galdu du.

Dena dela ere, partida bakarra irabaztea nahikoa zuen Azkoitiak finalera sailkatzeko, eta halaxe gertatu da. Finala hurrengo asteburuan –ekainak 26 edo 27– jokatuko da, eta Donostia izango du aurkari Azkoitiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide