Herriarteko Txapelketako finalerdiak eta Udaberri Txapelketako finalak jokatuko dituzte palista azkoitiarrek asteburuan

Andoni Elduaien 2021ko eka. 17a, 08:45

Larunbatean, Herriarteko Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte azkoitiarrek Iruran, eta igandean, Udaberri Txapelketako finalak Azkoitiko Gurean. Herriartekoan abantaila ona lortu zuten azkoitiarrek joan den asteburuan.

Gomazko palista azkoitiarrek asteburu garrantzitsua dute aurretik. Herriarteko Txapelketako finalera sailkatzea esku eskura du Azkoitiak, eta azken urratsa ematen ahaleginduko dira larunbatean, 17:00etan, Tolosaren aurka, Irurako Udal Pilotalekuan (Gipuzkoa). Iruran partida bat irabaztea nahikoa izango du Azkoitiak finalean sartzeko. Balizko finala, gainera, hurrengo asteburuan –ekainak 26 edo 27– jokatuko da, eta Zarautz edo Donostia izango du aurkari.

Joan den larunbatean Gurea pilotalekuan jokatu zituzten Herriarteko Txapelketako finalerdietako joaneko partidak, eta Azkoitiak 3 eta 0 menderatu zuen Tolosa. Iker Epeldek 20 eta 6 irabazi zuen buruz buru eta Aratz Zabaletak eta Igor Juaristik osatutako bikoteak 20 eta 8 menderatu zituzten tolosarrak binaka. Jokin Aizpuruk, berriz, 20 eta 15 irabazi zuen zazpi koadroren barruan. Hiru partida irabazteaz gain, tantoetan ere errenta polita lortu zuten azkoitiarrek.

Igandean, finalak

Igandean, bestalde, Udaberri Txapelketako gomazko paletako hiru final jokatuko dituzte palista azkoitiarrek Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Guztira hiru final jokatuko dituzte Azkoitian, eta hiru finaletatik bitan azkoitiarrak izango dira protagonistak. 10:00etan hasita, Iker Epeldek eta Aratz Zabaletak binakako finala jokatuko dute Elgoibarko Lagunak pilota elkarteko Asier Gurrutxaga eta Mikel Arrieta palisten aurka. Bigarren final bat ere izango da, baina hirugarren finalean Jokin Aizpuruk Tolosako Arregi izango du aurkari zazpi koadroren barruan.

Eskuz binakako norgehiagokak ere jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan, ostiralean. Kadeteak lehen mailako eta gazteen lehen mailako finalak jokatuko dituzte. Indarrean dauden neurri murriztaileak tarteko, oraingoan ere final guztiak ikuslerik gabe izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide