Ostiralean hasiko dituzte Matadeixeren 25. urteurrena ospatzeko ekintzak

Andoni Elduaien 2021ko eka. 15a, 14:59
'Adabaki' antzezlana ikusteko sarrerak eskatu beharko dira aldez aurretik. (Argazkia: Bapatean antzerki taldea)

Ostiralean era desberdinetako hiru kontzertu izango dira Matadeixen, eta igandean Adabaki antzezlana eskainiko dute. Dagoeneko eskatu daitezke antzerkirako sarrerak.

Matadeixek 25. urteurrena ospatzeko ekintzak antolatu ditu, eta datorren ostiralean, ekainak 18, izango da lehena. 18:00etatik 20:00etara bitartean, Alex Mendizabalek instalazio kontzertua eskainiko du. 20:00etan, Peito Castelok Proposamenak izeneko kontzertu isila eta objektu dantzaren erakusketa nahiz aurkezpena egingo ditu. 20:30ean, berriz, Mattin igoko da Matadeixeko oholtzara, eta hark ere kontzertua eskainiko du.

Igandean, berriz, Bapatean antzerki taldearen Adabaki antzezlana zuzenean ikusteko aukera egongo da Matadeixen, 17:00etatik aurrera. Antzezlana ikusteko nahitaezkoa izango da aurrez sarrerak eskuratzea, eta Matadeixeko kideek jakinarazi dutenez mataderoekintzak@gmail.com e-postara idatzita eskatu beharko dira. Sarrera bakoitzak 7 euro balio ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide