Gaur zabaldu dituzte estali gabeko igerilekuak

Julene Frantzesena 2021ko eka. 11a, 14:22
Elkarguneko eta udaleko ordezkariak gaur igerilekuetan.

Irailaren 12ra bitartean egongo da irekita egunero. Garbiketa lanak egiteko eta edukiera kontrolatzeko, eguerdian ordubetez itxiko dute Ugarteigarango eremua: 14:30etik 15:30era.

Gaur, ostirala, zabaldu dituzte Ugarteigarango estali gabeko igerilekuak, eta irailaren 12ra arte egongo dira zabalik. COVID-19aren pandemia dela eta, hainbat neurri hartu ditu udalak, eta besteak beste, eremu horretako edukieraren %50 bete ahal izango da; hau da, gehienez, 700 lagunek egon ahal izango dute aldi berean Ugarteigaranen.

Gainera, aldagelak eta dutxak ez dira erabilgarri izango, eta eguerdian, 14:30etik 15:30era, itxi egingo dute gunea –10:30etik 14:30era eta 15:30etik 20:00etara egongo da irekita–. Horren arrazoiak edukiera kontrola gauzatzea eta garbiketa lanak egitea direla azaldu du erakundeak. Dena den, pandemiaren bilakaera hobetzen bada, udalak ordutegia birplanteatu egingo duela esan du.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea igerilekuetan izan da gaur, eta hark Elkarguneko langileek azken asteetan egindako mantenu lanak nahiz COVID-19aren aurkako prebentzio protokoloa gainbegiratu du.

Iazko udan COVID-19aren hedapena saihesteko hartutako neurriek ahalbidetu zuten edukieraren %60 baimentzea, eta iaz Ugarteigarango eremuan, aldi berean, 840 lagun egon zitezkeela gogorarazi du Azkoitiko Udalak. Dena den, erakundearen arabera, egun "oso puntualetan" geratu ziren erabiltzaileak igerilekuetara sartu ezinik. Gainera, udalak gogorarazi duenez, Elkargunearen webgunean ikus daiteke denbora errealean zenbat lagun dauden igerilekuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide