Gizarte Zerbitzuen sailak "garrantzia handia" hartu duela nabarmendu du Azkoitiko Udaleko PSE-EEk

Andoni Elduaien 2021ko eka. 8a, 12:40
Janire Igoa, PSE-EEko Azkoitiko zinegotzia. (Argazkia: PSE-EE)

Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako eta Integrazioko zinegotziak gizarte larrialdietarako laguntzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua eta gizarte erakundeei emandako dirulaguntzak izan ditu hizpide egungo agintaldiaren lehen bi urteen errepasoa egiterakoan. "Herritarren bizi kalitatea hobetzeko ekarpenak egin eta ekimenak aurkeztu" dituztela ere esan du Igoak.

Janire Igoa Azkoitiko Gizarte Zerbitzuetako eta Integrazioko zinegotziak egun martxan den agintaldiko lehen bi urteen balantzea egin du. COVID-19aren pandemiak eragin duen osasun, gizarte eta ekonomia "krisi larriaren" ondorioz, Igoak berak zuzentzen duen sailak "garrantzia handia" hartu duela adierazi du: "Azkoitiko familia asko, herriko merkataritza eta ostalaritza izan dira kaltetu nagusiak".

Horri lotuta, hainbat datu eman ditu PSE-EEko zinegotziak. Hark azaldu duenez, besteak beste, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak "indartu" egin dituzte. Haren arabera, 2019an 96 familiari lagundu zitzaien 96.499 euroko inbertsioarekin, eta onuradunak 287 herritar izan ziren. Aurten, partida 160.091 eurora igo dute eta zerbitzua 120 familiari emateaz gain, onuradunak 376 pertsona izan dira. Era berean, etxez etxeko laguntza zerbitzua 83 azkoitiarri eman zaiela esan du, "enplegua sustatuz eta 29 pertsonari lana emanez".

Hurkoa fundazioarekin elkarlanean, bakarrik bizi diren eta autonomia mugak dituzten 76 eta 85 urte bitarteko hamazazpi pertsona artatu dituzte udalean, eta Gizarte Zerbitzuen Saila "laster" hirugarren adinekoentzako arreta zerbitzua ezartzeko "lanean" ari dela ere jakinarazi du. Zerbitzu hori "mendekotasun handirik ez duten pertsonentzako eguneko zentro moduko bat" izango da, goizetan jarduerak egin ahal izateko.

Bestalde, jubilatuen elkartearen "funtzionamendu onean laguntzen" ari direla nabarmendu du, "zerbitzu berriak abian" jarriz. Horrez gain, agintaldi berria hasi zenetik gizarte erakundeei dirulaguntzak emateko partida handitu egin da: 2019an, zenbatekoa 26.200 eurokoa zen, eta zazpi erakunderi eman zitzaien dirulaguntza; 2020an, berriz, 27.025 eurokoa zen partida, eta orduan zazpi erakunderi lagundu zitzaien. 2021ean, berriz, 36.625 euro bideratu dituzte Gobernuz Kanpoko bederatzi erakunde laguntzeko.

Igoak argi utzi nahi izan du, lana ez dela "soilik" berak zuzentzen duen sailera mugatu. "Herritarren bizi kalitatea hobetzeko ekarpenak egin eta ekimenak aurkeztu ditugu, hala nola Azkoitian parke bioosasungarria instalatzeko bultzada eman dugu, eta hilerrirako sarbidea hobetzeko irisgarritasun azterlan bat egin eta esleitu dugu". Gainera, mikromatxismo kasuak identifikatzeko gida bat ere egingo dute.

Azkoitiko PSE-EEk bihartik aurrera 5.246 eskuorri banatuko ditu herrian, alderdiak udalean egin duen "lanaren laburpen txiki bat" herritarrei helarazteko asmoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide