Minbiziaren aurkako kanpaina egiteko postua jarri du AECC elkarteak herriko plazan

Andoni Elduaien 2021ko eka. 7a, 11:00
AECCko kideak, Azkoitiko plazan.

Eskualdean babes handiagoa lortzeko helburuarekin, AECCko kideak herriko plazan izan dira gaur, astelehena. AECCk 1.109 bazkide ditu egun Urola Kostan.

Minbiziaren Aurkako Astea antolatu du AECC elkarteak, eta aste honetan zehar hainbat saio izango dira Urola Kosta eskualdean. Gaur, esaterako AECC Gipuzkoa Azkoitira etorri da, minbiziaren aurkako kanpaina egitera. Urola Kosta eskualdean babes handiagoa lortzeko helburua dutela adierazi dute elkarteko kideek. Elkartearen nahia da bazkideak erakartzea, gaixoekiko eta senideekiko arreta indartzea eta minbiziak jotako biztanle gehiagorengana iristea.

Gipuzkoan sei egoitza ditu AECC Gipuzkoak, eta aste honetan bertan Azpeitian irekiko dute beste bat. 32 urte daramatza AECCk minbiziaren aurkako lanketa egiten Gipuzkoan, eta ikerketa lanaz gain laguntzak eskaintzen ditu elkarteak. Donostian harrera etxea du elkarteak, familiek behar dituzten gauak han pasatu ditzaten. Halaber, material ortopedikoa eta laguntza psikologikoa ere eskaintzen dituzte. Elkarteak zenbait boluntario ditu, gaixoiei ospitaleko kontsultetara nahiz etxera laguntzeko. Tailerrak ere ari dira egiten azkenaldian, eta minbizia duten pertsonek beren esperientzia zein den azaltzen dute guztien aurrean. Era berean, jakinarazi dute erretzeari uzteko terapia bat ere martxan dutela.

2020an, minbiziak kaltetutako 92 pertsona artatu zituzten AECC elkartearen eskualdeko egoitzan, eta 283 saio psikologiko eta 433 esku hartze edo kudeaketa izan ziren gizarte arloan. Gaur egun, AECCk 1.109 bazkide ditu Urola Kostan, eta haien ekarpen solidarioei esker, psikologia eta gizarte arretako saioak doakoak izan ohi dira pazienteentzat eta senideentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide