Udako ikastaroetan izena emateko epea ireki du Elkarguneak

Andoni Elduaien 2021ko eka. 7a, 10:38

Haur, nerabe eta helduentzako ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du Elkarguneak. Hilaren 11rako, datorren ostirala, eman beharko da izena ikastaro guztietan.

Azkoitiko Elkarguneak udako ikastaroetan izena emateko epea ireki du. Datorren ostiralera bitartean, ekainak 11, eman ahalko da izena. Haur, gazte eta helduentzako ikastaroak antolatu dituzte. Besteak beste, igeriketa, zumba, eskalada eta yoga saioak antolatu dituzte iristear den udarako.

Haurrentzako igeriketa ikastaroa 10:00etan hasiko da, eta 30 minutuko iraupena izango dute. Ikastaroan izena ematerakoan zailtasunaren arabera banatu dituzten lau mailetako baten aldeko hautua egin beharko dute. Honako lotura honetan eman daiteke izena. Ume zein nerabeentzat, aldiz, eskalada eta zumba ikastaroak eskainiko dituzte udan. Eskaladan 8 eta 13 urte bitarteko neska-mutilek eman ahalko dute izena. Zumba ikastaroan, bestalde, 5 eta 12 urte bitartekoak. Honako lotura honetan eman daiteke izena.

Helduentzat, berriz, ikastaro gehiago antolatu ditu Elkarguneak. Hain zuzen ere, igeriketan, cyclingean, total training entrenamendu saioan, zumban, yogan eta eskaladan izena emateko aukera egongo da ostiralera bitartean. Igeriketa astelehenetik ostiralera 09:00etatik 10:00etara izango da. Cycling saioa, ostera, 14 urtetik aurrerako herritarrentzat eskainiko dute, astearteetan eta ostegunetan, 07:45etik 08:45era. Total training entrenamendu saioa, bestalde, astelehenetan eta asteazkenetan 10:00etatik 11:00etara izango da. Zumba ikastaroaren saioak astearteetan eta ostegunetan izango dira, baina erabiltzaileek 09:30ean edota 15:15ean hautatu ahalko dute. Yoga ikastaroan ere ordutegia hautatzeko aukera egongo da. Saioak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira, baina erabiltzaileek 08:30etik 10:00etarako tartean edota 15:15etik 16:45era egin ahalko dute. Eskalada, berriz, ostegunetan izango da, 18:00etatik 19:30era.  Honako lotura honetan eman daiteke izena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide