Gomazko paletako Herriarteko Txapelketako finalerdietara sailkatu da Azkoitia

Andoni Elduaien 2021ko eka. 6a, 12:52
Gomazko paletako Azkoitiko ordezkariak.

Joanekoan bezala, itzulerakoan ere bi partida irabazi ditu Azkoitiak Soraluzeren aurka. Finalerdietan Tolosa izango dute aurkari azkoitiarrek, duela bi urte Herriartekoaren finalean garaitu zuten aurkaria. 

Azkoitiak finalerdietara sailkatzea lortu du gaur, igandea, gomazko paletako Herriarteko Txapelketan. Gurea pilotalekuan lortutako emaitza bera –bi irabazi eta bat galdu– errepikatzea lortu dute azkoitiarrek Soraluzen (Gipuzkoa). Final laurdenak gaindituta, datozen bi asteetan finalerdiak jokatuko ditu Azkoitiak, Tolosaren aurka.

Soraluzen bi eta bat irabazi dute gaur azkoitiarrek. Iker Epeldek kantxa osoan buruz buru jokatutako partidan 9 eta 20 irabazi du. Aldiz, binakako partidan 20 eta 9 galdu dute Markos Azpiroz eta Igor Juaristi palista azkoitiarrek. Hirugarren eta azken partidan, ostera, Jokin Aizpuruk 6 eta 20 irabazi du zazpi koadroren barruan buruz buru jokatutako partida.

Datorren asteburuan hasiko ditu Azkoitiak finalerdiak. Joaneko partida berriz ere etxean jokatuko dute palista azkoitiarrek, eta itzulerakoa Tolosan (Gipuzkoa). Hain zuzen ere, duela bi urte Azkoitiak Herriarteko Txapelketa irabazi zuenean aurrean izan zuen aurkaria da Tolosa. Orduan azkoitiarrek bi eta bat menderatu zuten Tolosa, Donostian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide