Eneritz Arrieta pilotariak porrotarekin ekin dio Plazaz Plaza Txapelketari

Andoni Elduaien 2021ko eka. 5a, 10:36
Eneritz Arrieta pilotaria, ezkerretik bigarrena. (Argazkia: Ados Pilota)

22 eta 8 galdu zuen azkoitiarrak Naroa Elizalde bikotearekin txapelketaren estreinako partidan. Ligaxkako beste bi partida ekainean zehar jokatuko dituzte.

Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarrak galdu egin zuen atzo, ostirala, Ados Pilotaren Plazaz Plaza Txapelketako lehen partida. Arrieta Naroa Elizalderekin batera ari da lehiatzen txapelketa, eta 22 eta 8 galdu zuten atzo Leitzan Iera Agirre eta Gentzane Aldairen aurka jokatu zuten partida. Hasiera batean Leitzako plazako pilotalekuan ziren jokatzekoak partida, baina eguraldia tarteko Amazabal pilotalekuan jokatu behar izan zuten.

Plazaz Plaza Txapelketa atzo hasi zen, eta abuztuaren 14a bitartean hamahiru jardunaldi eta hamazazpi partida jokatuko dituzte pilotariek –horietatik gehienak Euskal Herrian izango dira, baina Kataluniaren ere jokatuko dituzte zenbait partida, Bartzelonan–.

Ligaxka ari dira jokatzen orain, eta Arrietari beste bi partida gelditzen zaizkio jokatzeko. Ekainaren 19an, Eltziegon (Araba), Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi izango dituzte aurkari Arrietak eta Elizaldek. Hilaren 27an, berriz, Olatz Arrizabalaga eta Ane Mendiburu. B multzoko lau bikoteetako bat da Arrieta eta Elizalderena. Multzoko lehena finalerdietara sailkatuko da, eta final laurdenak jokatuko dituzte bigarren eta hirugarren sailkatuek.

Ados Pilota

Eskuzko emakume pilotariek Ados Pilota izeneko lehen klub profesionala sortu dute. Maiatzaren amaieran egin zuten klubaren aurkezpena Leitzan (Nafarroa), eta Ados Pilotako kirolarietako bat da Eneritz Arrieta azkoitiarra. Hainbat izan dira kluba sortzearen arrazoiak; besteak beste, txapelketa gehiago jokatu ahal izateko, pilotariek lan baldintzak hobetzeko eta beren buruaren jabe izateko sortu dute Ados Pilota.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide