Fernando Tapia: "Ez dago kalitatezko irakaskuntzarik ikerkuntzarik gabe"

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 6a, 08:00
Fernando Tapia.

Urteak daramatza Fernando Tapia azkoitiarrak Euskal Herriko Unibertsitatean lanean. Zuzenbideko ikaslea izan zen, fakultate bereko irakasle ondoren, eta kudeaketan dihardu orain, besteak beste. Tapiak adierazi duenez ez du bere burua "unibertsitatetik kanpo" ikusten, eta argi du "unibertsitarioa" dela.

Aditua eta aritua da Fernando Tapia (Azkoitia, 1969) unibertsitateko irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Pilotarien familiakoa izatez, urte luzez pilota federazioetan ere kolaboratu izan du, baina bestelako norabidea hartu zuen ikasketak aukeratzerakoan. Gaur egun, kudeaketa du lanbide, eta unibertsitatetik kanpo ere landu zuen bide hori duela urte batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundian, hain justu. Egiten duena egiten duela, pasioz bizi du Tapiak bere lana.

Azkoitian egin zenituen zure bizitzako lehen urteak. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Oso haurtzaro alaia izan nuen. Oroitzapen oso politak ditut Baztarrikaldean. Niretzat oso leku garrantzitsua izan zen hura; izan ere, nire aita bertan hazitakoa zen eta nire kuadrilla ere hangoa da. Bestalde, esku pilotak eragin handia izan du nire bizitzan; frontoietan hazitako umea izan nintzen, nire aita pilotari oso ezaguna baitzen, eta Euskal Herri osoan zehar bueltaka ibili ginen harekin. Asko gogoratzen ditut Floreaga ikastetxean ikasle izan nintzen garaiko kontuak ere.

Pilotarien familian hazi arren, oso bestelako ogibidea aukeratu zenuen. Hain zuzen ere, Zuzenbidean lizentziatu zinen.

Gure bizitzan bidegurutze askorekin egiten dugu topo, eta askotan ez dugu helburu batera zuzenean jotzen. Dena den, lehenago edo beranduago ailegatu beharreko lekura iristen gara. 14-15 urte nituenetik Filosofia ikasi nahi nuela esaten nuen; izan ere, asko gustatzen zitzaidan gai hori, eta gainera, irakurzale amorratua nintzen. Hala eta guztiz, gurasoek eta ingurukoek esaten zidaten Filosofia ikasten banuen ez nuela etorkizun oparorik izango, eta azkenean, Zuzenbidea ikasteko hautua egin nuen. Lizentziaturako bigarren urtean deskubritu nuen Zuzenbidearen Filosofia ikasgaia, eta asko gustatu zitzaidan alor hori. Lizentziatu ostean, Zuzenbidearen Soziologiako nazioarteko masterra egin nuen, eta ondoren, doktoretza. 1997. urtean lortu nuen irakasle izatea, eta urte batzuk geroago, irakasle plaza lortu nuen unibertsitatean.

Argi al zenuen unibertsitatean jarraitu nahi zenuela?

Bai. Niri irakaskuntza ikaragarri gustatzen zait, eta disfrutatu egiten dut klaseak ematen. Izan ere, gazteekin lan egiteko aukera ematen dizu, eta dakizun hori besteei transmititzea oso aberasgarria da. Bestetik, ikerkuntza ere asko gustatzen zait; uste dut dozentziaren oinarria ikerkuntza dela, ikasleei zer irakatsi izan behar duzulako. Ikertalde batean sartuta nago, eta ikasten dudana besteei irakasten saiatzen naiz. Horrez gain, unibertsitateko kudeaketa ere oso gustuko dut; Euskal Herriko Unibertsitatea bezalako erakunde handi bat aurrera eramatea eta berau kudeatzea erronka itzelak dira. EHUk asko eman dit, bertan daramatzat 25 urte irakasle, eta aurretik beste hainbat urtez izan nintzen ikasle. Uste dut nik ere zerbait zor diodala EHUri, eta kudeaketaren bitartez erakundeari ekarpen txiki bat egiten saiatzen naiz.

 

"EHU bezalako erakunde handi bat aurrera eramatea eta berau kudeatzea erronka itzelak dira"

 

2003an, berriz, politikarako jauzia egin zenuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Harremanetarako diputatua izan zinen Eusko Alkartasunatik. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Erronka latza izan zen. Zuzenbide fakultateko irakaslea nintzen orduan, eta oso gustura nengoen egiten nuen lanarekin. Garai hartan Eusko Alkartasunan afiliatuta nengoen, eta alderdiko bizitzan parte hartzen nuen. Iñaki Galdosek diputatu izateko proposamena egin zidan, eta onartu egin nuen. Ezaguna nintzen garai hartan; izan ere, Euskadiko nahiz Gipuzkoako pilota federazioetan kolaboratzen nuen. Beraz, kirol munduarekin banuen lotura, eta Galdosek kirol diputatua izateko aukera egin zidan; alor horretaz gain, beste hainbat gai ere barnebiltzen zituen departamentu horrek. Lau urte oso aberasgarriak izan ziren diputaziokoak, eta erakundearen barne-antolaketa ezagutu nuen, arauak nola egiten diren, foru gobernu batek nola funtzionatzen duen... Gaztea nintzen orduan, 33 urte nituen, eta gogoratzen dudana da asko ikasi nuela postu horretan. Gaur egun ere baliagarri zaizkit orduan ikasitakoak.

Lau urteren ostean politika uztea erabaki zenuen. Zergatik?

Asko gustatzen zait politika, eta errealitate politikoaren behatzaile sutsua naiz, baina oso argi nuen unibertsitatea zela nire eremu naturala eta hara itzuliko nintzela. Gainera, nire buruari esan nion Foru Aldundian ez nituela lau urte baino gehiago egingo; izan ere, iruditzen zitzaidan zortzi urte unibertsitatetik kanpo egin eta gero asko kostatuko zitzaidala berriro hara itzultzea. Horregatik, Gizarte eta Harremanetako departamentuan lau urte egin eta gero, EHUra bueltatzea erabaki nuen, eta doktoretza tesia egin nuen. Ez naiz erabaki horretaz sekula damutu, esperientzia ederra izan baitzen eta asko ikasi bainuen. Unibertsitarioa naiz, eta argi daukat hau dela nire lekua.

Ia hogei urte geroago, nola ikusten duzu orduko egoera?

Ikuspuntu ezberdina dut orain. Izan ere, ez da gauza bera diputatu nintzenean barrutik ikusten nuena edo orain kanpotik ikusten dudana. Dena den, gauzak asko aldatu direla iruditzen zait, eta gizartea ere asko aldatu da. Egun, zorionez, egoera politikoa normalizatuta dago; ni diputatu nintzenean, ezker abertzaleko alderdia legez kanpo zegoen. Politika egiteko bestelako aukerak daude orain, eta politikatik kanpo utzi zituztenek bueltatzeko aukera izan dute. Nik kudeatu nituen gaien inguruan, berriz, iruditzen zait euskara alorrean aurrera egin dugula, baina adituen diagnostikoak aintzat hartuta, iruditzen zait lehen espero ez genituen beste arazo batzuk ditugula orain; esaterako, euskararen erabilera. Kirolari dagokionez, berriz, Gipuzkoan dugun kirol maila eta aniztasuna ikaragarriak iruditzen zaizkit; punta-puntako kirolariak ditugu. Horrez gain, mugaz gaindiko agentziaren kudeatzailea ere izan nintzen, eta eskarmentu handia jaso nuen lankidetzaren alorrean. Hori oso baliagarria zait gaur egun ere, mugaz gaindiko lankidetzaren inguruan bainabil lanean.

Orain, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatea partaide den Enlight proiektuko arduraduna zara. Nola hartu duzu erronka?

Hasieratik ibili naiz Enlight proiektuaren prestakuntzan lanean; egitasmoa posible izateko lan handia egin genuen, gainerako zortzi unibertsitateekin harremanetan jartzen, proiektuak prestatzen... Europako batzordeak proiektua hautatu zuen, eta orduan, gure lana proiektua martxan jartzea izan da. 2020ko uztailean aukeratu zuten Enlight, baina urtebete lehenago hasi ginen egun proiektuko bazkide direnekin harremanetan jartzen. Proiektuak bide luzea du aurretik, eta mardula izan da orain arte egindako lan guztia.

Europako bederatzi unibertsitatek osatzen duzue partzuergoa. Zein dira erakunde horien berezitasunak?

Komunean duguna da unibertsitate guztiak direla publikoak eta generalistak; hau da, jakintza alor guztietan egiten dugu lan, eta jakintza alor guztietako formakuntza eskaintzen dugu. Horrez gain, intentsiboak gara ikerkuntzan, eta hori da irakaskuntzarekin batera gure misio nagusienetakoa. Ikerketen bitartez ezagutza sortuz gero, ikasitako hori gainontzekoei helarazi diezaiokegu, eta alderdi horretan, Enlighten parte hartzen duten unibertsitateak bikainak dira. Shangaiko rankingari erreparatzen badiogu, Enlight osatzen duten bederatzi unibertsitateetatik sei 500 onenen artean daude 20.000 unibertsitatetatik; gainera, Ghenteko, Uppsalako eta Groningeneko unibertsitateak ehun onenen artean kokatuta daude. Zerrenda horrek erakusten du Enlighteko partaideek zer-nolako maila duten, eta hori da batzen gaituena. Beste alor batzuei erreparatuta, berriz, oso unibertsitate ezberdinak gara, geografikoko anitzak eta eleanitzak; gure aliantza honetan, guztira, 11 hizkuntza hitz egiten dira. Hori guztia aberasgarritasun moduan ikusten dugu.

 

"Enlight osatzen duten bederatzi unibertsitateetatik sei 500 onenen artean daude"

 

Zeintzuk dira programa horrek EHUko ikasleei ekarriko dizkien onurak?

Proiektu honen helburu nagusia da bederatzi unibertsitateen hezkuntzako agenda partekatua gauzatzea; beraz, hezkuntzan zentratutako proiektua da. Oinarrian bost erronka enblematiko ditugu: digitalizazioa, osasuna eta ongizatea, klima aldaketa, energia eta ekonomia zirkularra eta berdintasuna. Programa honen bitartez lortu nahi duguna da ikasleek eginez ikastea; beraz, formakuntza proiektuak lotuta egongo dira mundu errealeko arazoekin. Metodologia berritzaileak sortu nahi ditugu erronka horietan oinarrituta, eta ikasleak trebatu nahi ditugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izan daitezen; esaterako, trantsizio demografikoari, digitalari eta ekologikoari. Horrek guztiak unibertsitateen arteko mugikortasuna areagotzea ekarriko du, orain arte imajinatu ez dugun moduan. Hau da, orain arte ezagutu dugun eredua mugikortasun klasikoa izan da, lauhileko batekoa edo urtebetekoa, eta normalean hirugarren mailatik gorako ikasleei zuzendurik egoten zen. Orain, ordea, berrikuntza da askotariko mugikortasun ereduak sortuko ditugula: laburrak, hamar egunekoak, 30 egunekoak... Gainera, mugikortasun fisikoa ez ezik birtuala ere sustatu nahi dugu, baita bien uztarketa ere, blended deiturikoa. Beraz, Enlightekin lehen mailako ikasle batek ere mugikortasun esperientzia bizi ahal izango du, eta horrek mugikortasun kopurua biderkatzea ekarriko du.

Pandemiak areagotu egin ditu harreman birtualak.

Bai. Lehen, nire kasuan, hainbat bilera fisiko egiten nituen Madrilen eta Bruselan. Ordubeteko bilerak izaten ziren horiek, eta hegazkina hartu behar izaten nuen hara joateko. Orain, ordea, ohartu gara ez dela beharrezkoa horrela ibiltzea, eta gainera, ez dela ekologikoa. Mugikortasun birtuala pandemia hasi aurretik ere sustatu nahi genuen, ikusten baikenuen aukera egokia zela mugikortasun fisikoa eta birtuala uztartzea. Hemendik aurrera, EHUko ikasle batek aukera izango du Groningeneko Unibertsitateak eskaintzen duen hezkuntza programa batean parte hartzeko, etxetik, eta horrek jarraipen fisikoa ere izan ahalko du. Osasun krisiak mugikortasun birtualaren onurak zeintzuk diren ikusarazi digu, eta pandemiarik existitu ez balitz, beharbada jendeak ez zukeen hain ondo ulertuko kontu hori. Presentzialtasuna oso garrantzitsua iruditzen zait edozertarako, eta ez nuke ezergatik aldatuko, baina argi gelditu da eremu birtualarekin uztartzea ere osagarri ezin hobea izan daitekeela.

Nolakoa da programa horretan parte hartuko duten pertsonen profila?

Ikasleek ez ezik administrazioko eta zerbitzuetako langileek nahiz irakasle ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute Enlighten. Are gehiago, proiektu hau haiek ere bertan parte hartzeko pentsatuta dago; beraz, profil horien mugikortasuna areagotu egingo da. Urte batzuk barru oso naturala izango da mugikortasuna.

Ikerketa alorra da bederatzi unibertsitate horiek komunean duzuen beste ezaugarrietako bat. Nolakoa da EHUko ikerketa arloaren egoera?

EHUn 300 ikertalde kontsolidatu ditugu gaur egun, eta horien lana erkidego osoan egiten den ikerketaren %65-70 ingurukoa da. Horrek gure ikerkuntzaren tamainaren ikuspegia ematen digu. Esango nuke EHUko ikerketaren osasuna eta egoera oso ona dela. Ikerketen emaitzak, gainera, transferitu egiten ditugu; hau da, gizarteratu egiten dira, eta gizarte eragileek emaitza horiek baliatu egiten dituzte beren jardueretarako. Gure misioa irakaskuntza da, baina ez dago kalitatezko irakaskuntzarik kalitatezko ikerkuntzarik gabe; izan ere, ikerkuntzaren bitartez ezagutza sortzen duzu ikasgeletara eramateko. Nik ez dut imajinatzen ikerketarik gabe unibertsitaterik.

Bestalde, EHUko enplegagarritasunaren errektoreordea ere bazara. Zer diote alor horretako azken txostenek?

Lanbiderekin 2017-2018 ikasturtean gradua amaitu zuten ikasleen enplegagarritasunaren azterketa egiten ari gara, eta datu horiek erakusten digute ikasleen %90 baino gehiago lanean hasten dela hiru urteren buruan. Alor batzuetan ez dago ia langabeziarik, esaterako, ingeniaritza arloan. Eremu horretan ez dago arazorik lana topatzeko, eta gainera, arazoak egoten dira lanpostu guztiak betetzeko. Sarritan entzuten da unibertsitarioek arazoak izaten dituztela lana topatzerakoan, baina datuek ez digute horrelakorik erakusten. Gainera, azken urteetan hainbat tresna garatu ditugu ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko; adibidez, enplegu guneak.

Lana topatzerakoan desberdintasun handia al dago gradu batzuetatik besteetara?

Bai. Enplegu foroak egiten ditugunean enpresei lan eskaintza aktiboak ekartzeko eskatzen diegu. Alor batzuetan behar handia dagoela ikusten dugu, batez ere STEM [Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika] titulazioetan. Halere, erronka latzak ditugu eremu horretan emakumeen laneratzeari dagokionean; esfortzu handia ari gara egiten emakumeek eremu horretara jo dezaten.

 

"Osasun krisiak mugikortasun birtualaren onurak zeintzuk dire ikusarazi dizkigu"

 

Zer ekarpen egin diezaioke Enlightek enplegagarritasunari?

Enlighten jaso ahal izango diren gaitasunak oso baloratuak izango dira enpresetan. Izan ere, gaur egun enpresek garrantzi handia ematen diote lidertzari, ekintzailetasunari eta inguru eleanitzean lan egiteko gaitasunari. Horrez gain, mugikortasun esperientziak ere asko baloratzen dituzte. Enlightek hori guztia eskaintzen du.

Zeintzuk dira Fernando Tapiaren etorkizuneko asmoak eta erronkak?

Nire asmoa unibertsitatean jarraitzea da. Orain kudeaketan nabil, eta hau amaitutakoan fakultatera itzuliko naiz irakaskuntzan eta ikerkuntzan jardutera. Erronkei dagokienez, momentu honetan errektoreorde moduan hainbat erronka ditut esku artean. Izan ere, Enlightez gain, beste proiektu bat onartu digute, Enlight Rise izenekoa. Proiektu horrek bereziki ikerkuntza du ardatz, eta egitasmoko partaideak Enlighteko berberak dira. Bestalde, ekintzailetzan oinarritutako hirugarren proiektu bat ere badugu esku artean. Gauza bat segurua da, ez dudala aspertzeko denborarik izango. Eremu pertsonalean, berriz, nire asmoa familiaz gozatzea da, eta noizean behin Azkoitira joatea ere bai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide