Joanes Balentziaga: "Edozeinek ikusteko modukoa da 'Suharra' dokumentala"

Erlo Telebista 2021ko eka. 4a, 10:49

Etzi, igandea, 'Suharra' dokumentala eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Joanes Balentziaga zezenzale azkoitiarrak ikus-entzunezkoaren inguruko azalpenak eman ditu Erlo Telebistako kameren aurrean.

Gaur, ostirala, estreinatuko dute Suharra dokumentala, Lasturko tabernan, 18:30ean. Igandean, ekainaren 6an, berriz, 19:00etan hasita Azkoitiko Baztartxo antzokian izango da ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Euskal Herrian galtzeko zorian dauden bertako behi arrazen inguruko dokumentala da Suharra.

Terreña, montxina, betizu eta larrabehien historia eta gaur egungo egoera jorratzen ditu, naturaren nahiz mendien bioaniztasunaren alde eta suteen kontra gauzatzen duten "paper garrantzitsua" agerian utziz, dokumentalaren egileen arabera. Horrez gain, emakumeen ikuspegiaren berri ere eman dute ikus-entzunezkoan: "Baserrian hain presente dauden emakumeen ikuspegia sartu nahi izan dugu, beren jarduerari justizia egiteko". Erlo Telebistako kideak Joanes Balentziaga azkoitiarrarekin bildu dira ikus-entzunezkoaren inguruko azalpenak jasotzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide