Ekainaren 11n irekiko dituzte Ugarteigarango estali gabeko igerilekuak

Andoni Elduaien 2021ko eka. 2a, 09:09
Ugarteigarango igerilekuak.

Aurten ere hainbat neurri hartuko dituzte Ugarteigaranen. Besteak beste, 14:30etik 15:30era itxi egingo dute igerilekua garbiketa lanak egiteko. Aldi berean 700 lagunek egon ahal izango dute instalazioetan.

Ekainaren 11n, hurrengo ostiralean, zabalduko dituzte Ugarteigarango igerileku irekiak. Irailaren 12ra arte egongo dira zabalik, guztira 94 egun, beraz. Igerilekuen ordutegia astelehenetik igandera 10:30etik 14:30era eta 15:30etik 20:00etara izango da. Ezinbestekoa da eguerdian ordubetez ixtea, bai edukiera kontrolatzeko eta baita COVID-19ari aurre egiteko hartu beharreko neurriak tarteko, garbiketa lanak egiteko ere.

Momentuz, igerilekuen edukierak ezin du %50a gainditu, beraz, gehienez 700 lagun egon ahalko dira batera. Iaz bezala, Elkargunearen webgunean kontsultatu ahal izango da zer nolako betetze maila duten Ugarteigarango igerilekuek. Une oro ikusi ahal izango da Ugarteigaranen tokirik dagoen ala ez, bertara joaten ibili gabe. Aipatu webgunean "semaforo" itxurako seinale batek adieraziko du tokirik dagoen ala ez.

Iaz, 40.777 sarrera erregistratu zituzten Ugarteigaranen, 2019an baino 17.000 bisita gutxiago. Izan ere, duela bi urte 57.745 sarrera zenbatu zituzten estali gabeko igerilekuetan. Iaz erregistratutako 40.777 sarreretatik 38.868 sarrera bazkideek edota bonua zuten erabiltzaileek egindakoak izan ziren. Beste 1.909 sarrera leihatilan saldutako sarrera solteak izan ziren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide