'Suharra' ikus-entzunezkoaren emanaldia izango da igandean, Baztartxon

Nerea Uranga 2021ko eka. 1a, 12:20

Euskal Herrian galtzeko zorian dauden behi arrazen inguruko dokumentala da Suharra. Ordubeteko iraupena du, eta hainbat udalen babesa jaso du proiektuak, tartean Azkoitikoarena.

Ostiralean, ekainaren 4an, estreinatuko dute Suharra dokumentala, Lasturko tabernan 18:30ean. Igandean, ekainaren 6an, berriz, 19:00etan hasita Azkoitiko Baztartxo antzokian izango da ikus-entzunezko hori ikusteko aukera. Dokumentala euskaraz da erdarazko azpitituluekin eta ordubeteko iraupena du.

Euskal Herrian galtzeko zorian dauden bertako behi arrazen inguruko dokumentala da Suharra. Terreña, montxina, betizu eta larrabehien historia eta gaur egungo egoera jorratzen ditu, naturaren nahiz mendien bioaniztasunaren alde eta suteen kontra gauzatzen duten "paper garrantzitsua" agerian utziz, dokumentalaren egileen arabera. Horrez gain, emakumeen ikuspegiaren berri ere eman dute ikus-entzunezkoan: "Baserrian hain presente dauden emakumeen ikuspegia sartu nahi izan dugu, beren jarduerari justizia egiteko".

Suharra dokumentala Euskal Larrabehi eta Zezenzale elkarteek ekoiztu dute, Ikusmin ikus-entzunezkoen laguntzarekin. Hainbat udalen babesa ere jaso du proiektuak, tartean Azkoitikoarena. Dokumentalaren egitasmoa lagundu duten gainontzeko udalak dira besteak beste, Itziarko auzo udala, Zestoakoa, Azpeitikoa, Zumaiakoa, Tolosakoa, Elgoibarkoa, Usurbilgoa, Guardiakoa eta Bergarakoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide