Plasmaferesi erako odol ateraldiak ari dira egiten lehendabizikoz Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko mai. 31a, 12:59

Herritar bat, odol ateraldia egiten.

Lehen aldiz ari dira egiten Azkoitian Plasmaferesi erako odol ateraldia. Aparatu baten bitartez odol emailearen plasma bereiziko dute odoleko beste osagaietatik. Guztira hamabi lagunek eman dute izena lehen proban parte hartzeko.

Gaur, astelehena, odol ateraldiak egingo dituzte arratsaldean Azkoitian, 17:00etatik 21:00etara bitartean. Horrez gain, Plasmaferesi erako odol ateraldien proba pilotua ari dira egiten gaur lehendabizikoz Azkoitian. Orain arte Donostian soilik egin dituzte mota horretako odol ateraldiak, baina Odol Emaileen Elkarteak Gipuzkoako herrietara zabaltzeko erabakia hartu du eta Azkoitian hasi dira lehen probak egiten. Goizez zein arratsaldez hamabi azkoitiarrek parte hartuko dute Plasmaferesi erako odol ateraldiaren proban.

Odol Emaileen Elkarteko kideek odoletik plasma banatzeko aparatuak ekarri dituzte Azkoitira. Plasmaferesi saioan odol emailearen odola aparatu batetik pasatuko dute, eta han odol-plasma odoleko beste osagaietatik banatuko dute. Odol emaileak odola bueltan jasoko du berriz, baina plasma kenduta. Odol Emaileen Elkarteak nabarmendu du odola bueltan jaso ahala, gorputzak "berehala" sortzen duela berriz ere plasma.

Plasmaferesi odol ateraldiak 45 minutu eta ordubete artekoak izango direla jakinarazi dute Odol Emaileen Elkartekoek. Era berean, azaldu dute hamabost egunetik behin eman daitekeela odola Plasmaferesi proba eginda, baina "egokiena" emaile bakoitzak urtean lau edo sei aldiz ematea dela. Plasmaferesiari buruzko informazio gehiago jasotzeko, 610 11 21 45 telefono zenbakia eman dute elkartekoek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide