Igoera faseko ibilbidea bukatu da Anaitasunako gizonen lehen taldearentzat

Nerea Uranga 2021ko mai. 29a, 21:15

Hirugarren Mailatik gora urrats bat egiteko bidea amaitu du gaur Anaitasunako gizonen talde nagusiak. Ezin izan dio irabazi Sestao River taldeari.

Anaitasunako gizonen talde nagusiaren ametsa bukatu da. Bigarren B Mailara –2021/22 denboralditik aurrera RFEF Bigarren Maila– igotzeko fasearen bigarren norgehiagoka jokatu dute gaur arratsaldean Sestaoko (Bizkaia) Las Llanas zelaian, eta 1-0 galdu du Xabier Artetxek gidatzen duen taldeak. Ametsa egia bihurtzeko aukera galdu arren, denboraldi paregabea, historikoa, egin dute gorrixek.

Anaitasunako gizonen talde nagusiak bukatu berri duen denboraldian lortutako balentriak errepikatzea ez da lan samurra izango aurrerantzean. Xabier Artetxe entrenatzaileak gidatuta jokatu du Anaitasunak historian aurreneko aldiz Espainiako Errege Kopa, eta Hirugarren Mailatik goragokoan jokatzeko igoera faseko bigarren partidan gelditu da kalera. Artetxek hala adierazi du aste honetan bertan: "Inoiz baino gehiago disfrutatu dugu eta hori zelaian antzeman egiten da, eta jarraitzaileak alboan izan bagenitu, bi aldiz gehiago gozatuko genuen".

Emakumeak ere denboraldia bukatuta
Anaitasunako emakumeen talde nagusiak ere gaur bukatu du Euskal Ligako denboraldia. Gorka Zubizarretak gidatutako taldeak goizean jokatu du sasoiko azken partida Athletic C-ren kontra, etxean. 0-0 berdindu dute. Talde honek egindako denboraldia ere "edonola ez ahazteko modukoa" izan dela esan du Anaitasuna futbol klubak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide