Presoen komunikazioak berreskuratzeko "beharra" azpimarratu du Sare Herritarrak

Andoni Elduaien 2021ko mai. 29a, 08:15

Atzo, ostirala, maiatzeko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuen Azkoitiko Sare Herritarrak herriko plazan. Hainbat herritarrek presoen komunikazioak berreskuratzeko beharra azpimarratu zuten.

Azkoitiko Sare Herritarrak deituta, atzo, ostirala, elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek herriko plazan. Presoen komunikazioak etenda daudela salatu zuen Sare Herritarrak. "Maiatzari amaiera eman diogu eta oraindik ez dira ezarri presoen komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak". Espainiako eta Frantziako espetxe administrazioek pandemia kudeatzeko orduan presoen eskubideak "urratu" eta haien segurtasuna nahiz osasuna "murriztu" egin direla azpimarratu zuen Sare Herritarrak. Era berean, presoen txertatzea, PCR probak egitea, berrogeialdien amaiera eta azken hilabeteetan etendako komunikazio intimoak, familiarrak zein bizikidetzakoak berreskuratzeko "beharra" nabarmendu zituzten.

Bestalde, "irmoki" salatu zuen plataformak Ibon Fernandez Iradi Lannemezaneko (Frantzia) espetxetik Parisko La Sante espetxera lekualdatu izana. "Bera eta larriki gaixo diren gainontzeko hemezortzi euskal presoak etxean egon behar dira". Horrez gain, txertaketak ere hizpide izan zituzten elkarretaratzearen amaieran. "Berandu bada ere, txertoak ematen hasi dira egunotan Espainiako Estatuko espetxe batzuetan, baina horrek ez du bermatzen komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak berreskuratzea, espetxe gutxi batzuetan baino ez baitira berriro ezarri. Denbora luzea eta zaila igaro da besarkadarik gabe, presoen eta haien senideen arteko kontaktu fisikorik gabe". Euskal presoak Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara lekualdatzeko dinamikak "aurrera" jarraitzen duela adierazi zuten, "presoen %28a 0 kilometroan" daudela nabarmenduz.

Halaber, "espetxe-salbuespenarekin amaitu" egin behar dela adierazi zuten. "Hamarkadetako sufrimenduaren ondoren, urruntzearen eta sakabanaketaren esperotako amaiera hurbilago dago, baina, hala ere, ez diogu lan egiteari utziko gainerako espetxe-salbuespenekin amaitu arte. Zuzenean edo zeharka hildakoak eragin dituen berbera; azken sei hamarkadetan 35 euskal preso politiko eta horien hamasei senide edota lagun hil dira. Gainera, beste bi pertsonek haien buruaz beste egin dute espetxeratzea saihesteko".

Etxeratzek eta Egiari Zorrek proposatu bezala, "eztabaida horri ekiteko garaia" dela azaldu zuten elkarretaratzean. "Pertsona horien aitorpen ofizial eta instituzionala nahiz erreparazioa nola eskaini bilatu behar da ekimen sinbolikoetatik harago, hala nola errepidean hil ziren senideak eta lagunak jatorriz bertakoak ziren udalerrietan berriki onartutako mozioetatik harago. Mendekuaren eta zigor gehigarrien ordez, giza eskubideak eta araudi arrunta nagusitu izan balira, heriotza horiek saihestu ahal izango ziren, eta beraz, heriotza horiek ere haien lekua izan behar dute memoriaren mapan".

Espetxe-politika aldatu ahal izateko, "gizatasun-irizpideengatik, presoen eta senideen giza eskubideekino errespetuagatik", momentu honi ezin zaiola "ihes egiten utzi" azpimarratu zuten. "Saretik eta Etxeratetik uste dugu bidea egiten jarraitzeko beharrezkoa dela euskal jendartearen inplikazioa, oro har, guztion artean egin ahal izateko egiten ari garen bidea". 'Ibilian ibilian, etxerako bidean' ekimenean parte hartzeko deia egin zuten amaieran. Orain hasiko da mobilizazio dinamika, eta urriaren 23ra arte iraungo "Pausoz pauso, hurrengo helmuga denak etxera".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide