Goenatxo III.ak Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatuko du bihar, Tolosan

Andoni Elduaien 2021ko mai. 28a, 15:57
Goenatxo III.a eta Mikel LarraƱaga. (Argazkia: Euskal Pentatloia)

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrarekin batera parte hartuko du harri-jasotzaile azkoitiarrak Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketan. Tolosako zezen plazan jokatuko dute proba, 18:00etatik aurrera.

Jon Unanue Goenatxo III.ak II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatuko du bihar, zapatua, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. 18:00etan hasiko da kanporaketa, eta lau txandatan banatuta jokatuko dute proba. Harri-jasotzaile azkoitiarra lehen aldiz arituko da Binakako Euskal Pentatloian, eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra izango du lagun.

Guztira 11 bikotek parte hartuko dute pentatloian. Hasiera batean hamabi bikotek eman zuten izena, baina Inhar Urruzunok min hartu ondoren, Urruzo bera eta Aitzol Atutxa ez dira bihar Tolosan izango. Harriarekin, egurrarekin, txingekin eta korrikan egin beharko dute lan pentatloian parte hartuko duten 11 bikoteek. Lanari ekiteko, 100 kiloko bolari hogei altxaldi eman beharko dizkio bikote bakoitzak; altxaldi gutxien ematen dizkion bikoteak gutxienez zortzi jasoaldi eman beharko ditu. Bola altxatu ondoren, berriz, giza proban 400 kiloko harriari bi plaza bana eman beharko dizkiote; bikotekide bakoitzak plaza bana osatu beharko du.

Harriarekin dituzten lanak amaitutakoan, aizkorari helduko diote. Bi kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman beharko dizkio. Handik berriz ere plazaren erdira abiatuko dira herri kirolariak, eta 50 kiloko txingekin sei plaza osatu beharko dituzte; bikotekide bakoitzak hiru plaza egin beharko ditu. Proba amaitzeko, korrika egin beharko dute parte hartzaileek. Bi kilometro osatu beharko dituzte zezen plazan, eta gutxien egiten dituenak gutxienez zortzi itzuli eman beharko dizkio plazari.

Finala ekainaren 26an jokatuko da eta biharko kanporaketan sailkatzen diren sei bikote onenek jokatuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide