"Ausart eta geu izatera zelairatu behar dugu Sestao Riverren aurka"

Andoni Elduaien 2021ko mai. 28a, 14:13
Anaitasunako jokalariak gol bat ospatzen.

Larunbatean jokatuko du Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak mailaz igotzeko bigarren kanporaketa, Sestaon (Bizkaia). Las Llanas futbol zelai historikoan jokatuko dute 'gorrixek' Sestao River taldearen aurka, 17:30ean hasita.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak amesten jarraitzeko garaipena erdietsi zuen joan den igandean Pasaiaren aurka, Jesus Mari Zamora futbol zelaian. Bigarren B Mailara –2021/22 denboralditik aurrera RFEF Bigarren Maila– igotzeko lehen kanporaketan, 0 eta 1 irabazi zuen Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Mikel Aramendik 90. minutuan egindako golari esker. Mailaz igotzeko taldeak hartuta duen bideko lehen harria gaindituta, azkoitiarrek bigarrena izango dute aurrean larunbatean. 17:30ean hasita, Anaitasunak Sestao River taldearen aurka jokatuko du Sestaoko (Bizkaia) Las Llanas futbol zelaian.

Sestao River, Vitoria, Urduliz eta Anaitasuna dira une honetan mailaz igotzeko borrokan ari diren taldeak. Lau horietatik bakarrak lortuko du saria. Anaitasuna da lau taldeetan liga sailkapenean posturik kaskarrena lortu duen taldea, eta horregatik kanporaketa guztiak etxetik kanpo jokatu beharko ditu. Kanporaketa partida bakarrera da, eta 90 minuturen ondoren berdinketa baldin badago markagailuan, luzapenera joango da norgehiagoka. Luzapeneko 30 minutuen ondoren ere partida berdinduta badago, ez dituzte penaltiak jaurtiko; etxeko taldeak egingo luke aurrera kasu horretan.

Lehenago edo beranduago Sestao River taldeari partida irabaztea da Anaitasunak kanporaketa gainditzeko duen aukera bakarra. Kasu horretan, gorrixek Vitoria eta Urdulizen arteko irabazlearen aurka neurtuko lituzke azken indarrak. Xabier Artetxe entrenatzaileak dio "pixkanaka-pixkanaka helburu guztiak betetzen" joan dela taldea. Asteek aurrera egin ahala, gainera, taldea bere buruari "helburu berriak" jartzen joan dela jakinarazi du. "Bigarren fasea hasterako, multzoko bi lehenen artean sailkatzeko helburua jarri genuen. Partidak aurrera joan ahala ikusten genuen taldea hobeto zegoela eta konfiantzarekin nahiz txisparekin", adierazi du gorrixen entrenatzaileak.

Mailaz igotzeko kanporaketetara iritsita, ez dute aukera alferrik galdu nahi. "Nahiz eta badakigun zaila izango dela, zapatuko partida irabaztea nahi dugu; beste pauso bat egin nahi dugu igoerako finala jokatzera iritsiz. Sestao Riverren aurkakoan zentratuta gaude, ilusioz gainezka eta jokatzeko gogotsu". Aste guztian larunbateko partida prestatzen ari direla nabarmendu du Artetxek. "Denboraldi guztian egin dugun bezala, aurkaria ondo aztertu, astea ondo antolatu eta sestaoarren aurkakoa prestatzeko ari gara entrenatzen. Jokalariei atzo galdetu nien helburua zein zen, eta guztiek erantzun zuten Sestao Riverri irabaztea dela. Ea horretarako gai garen".

Xabier Artetxe Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea.

Aurkariari buruz

Sestao River taldearen inguruan ere hitzegin du Anaitasunako entrenatzaileak. Sestao River Bigarren B Mailan urte asko egindako taldea da, eta azken urteetan mailaz igotzeko borrokan ibili bada ere, ez du lortu Bigarren B Mailara itzultzea. "Urtea hasten dutenetik mailaz igotzeko helburua finkatuta izaten dute, eta atzetik duten masa soziala ere handia da", azaldu du Artetxek. Sestao Riverrek jokalariak ere maila altukoak direla azpimarratu du. "Esperientzia eta eskarmentu handiko jokalariak ditu, baina baita talde handien filialetan ibili diren jokalari gazteak ere. Gainera, klub askotan eta zenbait talderen filialetan aritu den entrenatzaile batek zuzentzen ditu; talde oso konpletoa da. Mailaz igotzeko zuzeneko sailkapena gutxigatik ez zuen lortu; izan ere, Gernikak eta Reala C taldeek ez zuten ia hutsik ere egin. Bi talde horiekin batera, Sestao River gainerako talde guztiak baino maila bat gorago ikusi dut", azaldu du Anaitasunako entrenatzaileak.

Hala eta guztiz ere, Artetxek argi du Anaitasunak Sestao River kanporatzeko gaitasuna duela. "Hirugarren Mailara egokitzen jakin dugu; izan ere, batzuetan ezin izan dugu egin gustukoa dugun jokoa. Gure helburua beti izan da baloiarekin protagonista izatea, baina aurten baloirik gabe ere protagonista izatea egokitu zaigu. Armak ditugu beraiei min egiteko. Ausart eta geu izatera zelairatu behar dugu Sestao Riverren aurka". Entrenatzaileak dio taldeak "aurpegia" emango duela. "Taldeak argi izango du une oro zer egin behar duen baloia oinetan duenean eta ez duenean. Gure jokoa eginda, Sestao River arazoetan sartzeko gai izango gara". 

Denboraldi historikoa

Anaitasunako gizonezkoen taldeak aurten lortu dituen balentriak errepikatzea ez da lan samurra izango etorkizunean. Xabier Artetxe entrenatzailearen eskutik jokatu du Anaitasunak historian lehen aldiz Espainiako Errege Kopa. Orain, berriz, bi denboralditan Gipuzkoako Ohorezko Mailatik Espainiako Bigarren B Mailara igo dezake taldea. Urtea "oso azkar" doala dio entrenatzaileak, eta oraindik ez dakiela egindako lorpenengatik pentsatzen jarri al diren. "Inoiz baino gehiago ari gara disfrutatzen. Anbizio puntua ere badugu, eta beti gehiagoren bila joatea nahi izan dugu. Pentsa, jarraitzaileak alboan izan bagenitu, bi aldiz gehiago gozatuko genuen aurten".

Partida garrantzitsuak jokatu ditu Anaitasunak, baina horiei denboraldia amaitutakoan erreparatu nahi die Artetxek. "Denbora egongo da gero ere ondo pentsatzeko, baina oroitzapen hauek betirako gordeko ditugu. Momentu guztietan disfrutatzen jakin dugu eta hori gero zelaian ere nabaritu egiten da".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide