Auzoaren kezkak eta premiak asetu nahian

Andoni Elduaien 2021ko mai. 27a, 08:15

Floreaga "bizia" dela aldarrikatu nahi dute auzotarrek. (Argazkiak: Floreagako auzotarren batzordea)

Floreagako auzotarren batzordeak auzotarrei idatzi bat bidali die, auzoarekiko dituzten kezkak eta auzoan bertan detektatutako gabeziak zein diren azaltzeko. Floreagako bizilagunek batzordeari bestelako zenbait ekarpen egin dizkiote, eta orain zerrenda zabala osatu dute. Auzoak dituen beharrei erantzuteko, batzordeak udalari "elkarlana" eskatu nahi dio. 

Ez dira hilabete asko Floreaga auzoan auzotarrek osatutako batzordea berriz ere martxan jarri zutenetik. Floreaga adinekoak, helduak, gazteak zein haurrak bizi diren "auzo bizia" da bizilagunen arabera; auzoan "900 lagun inguru" bizi dira, eta batzordekideek diotenez, 60 urte baino gehiago ditu auzotarren ia %40ak. Sarritan "isolatuta" edota "aparte" sentitzen direla diote, eta kezka horri erantzun bateratu bat emateko asmoz, auzoan dagoen haur parkearen bueltan hasi ziren elkartzen zenbait auzotar. Juntadizo horietako batean erabaki zuten duela urte batzuk batzen zen auzotarren batzordea "berpiztu" behar zutela, eta auzoan nabaritzen dituzten hutsuneen eta beharren alde lan egin behar zutela. Sei bat lagun elkartu ziren lehen aldi hartan, gero beste bilera batzuk ere egin zituzten eta egun hamar laguneko lantaldea dute eratuta. 

Segituan ekin zion lanari auzotarren batzordeak; izan ere, Floreagan ikusten dituzten hutsuneak eta kezkak auzotar guztiei azaltzeko, idatzi bat prestatu zuen batzordeak, eta buzoiz buzoi banatu zuten. "Gure lehentasuna Floreagako bizilagun guztiengana iristea izan da. Batzordeak bere kezkak azaltzeaz gain, auzoan zer gabezia ikusten dituzten azaltzeko eta bestelako ekarpenak egiteko tartea eskaini diegu auzotarrei. Koherentzia handiko ekarpenak jaso ditugu, batzordeko kidek gehienok aurrez aipatutako kontuak nabarmendu dituzte gehienbat auzotarrek. Halere, pentsatzen ez genituen beste gabezia batzuk ere mahaigaineratu dituzte bizilagunek". Auzotarren batzordeko kideek diote "xehetasun txikiak" aipatu dituztela auzotarrek gehienbat, baina argi dute guztiek "gabezia berdinak" ikusten dituztela auzoan. "Ez gara ezer ikaragarririk eskatzen ari; auzoak eduki beharko lituzkeen gutxieneko kontuak izatea ari gara eskatzen". 

Ekarpen zerrenda 

Floreagako bizilagunek egindako ekarpenak jaso ondoren, orain zerrenda bat osatu du batzordeak. "Auzoaren mantenua hobetzea" da auzotarrek batzordeari egindako ekarpenetako bat. "Floreaga auzoak bere historia du, apur bat zaharkituta dago. Ikusten dugu, asfaltoa auzo guztian erabat hondatuta dagoela; Aretxabaleta kaleko zati txiki bat besterik ez dute asfaltatu". Espaloietan ere lan batzuk egin beharko liratekeela diote batzordekideek. "Lanak amaitu gabe utzitako guneak daude auzoko espaloietan. Haur-kotxearekin bide erdia egin eta aurrera egin ezin ditugun guneak daude. Erabat zaharkitutako espaloiak daude auzoan".

Floreagako auzotarren batzordeak bizilagunen partetik jaso duen beste puntu nagusia haur parkearena izan da. Haurrentzako parke bakarra dago Floreagan, eta txikienentzako "gune gehiago" behar dituztela irizten diote. Gainera, egungo parkearen ingurua "arriskutsua" delakoan daude. "Eskailerak, malda, errepidea… Haur txiki batentzat zeharo arriskutsua da parkearen inguru hau. Lehen bazegoen auzoan beste parke bat, bolatokiaren alboan. Ume txikientzako lasaiagoa zen leku hura, baina kendu zutenetik ez da haren ordezkorik izan auzoan". Horri lotuta, azpimarratu dute auzoan bertan ibiltzen den "ume asko" bizi dela Floreagan. "Floreagan bizia dagoen seinaleetako bat hori da". Era berean, haur parkearen mantenua eta garbitasuna ere "zaindu" egin beharko liratekeela diote batzordekideek. "Gabon garaian, bi hilabete inguru egon ginen parkeko zabua berriz erabiltzeko zain. Garbitzeko aparatu batekin garbitu zuten parkea, eta egurrezkoa izanik, parkeko jolas guneetan printzak eta ezpalak altxatuta utzi zituzten, horrek dakartzan arriskuekin". Era berean, auzoko belardiak, zelaiak eta zuhaitzak ere "zaindu" egin beharko lituzketela uste dute. "Parkera zuhaitzen adarrak erori izan zaizkigu behin baino gehiagotan, eta auzoko beste gune batzuetan makurtuta jaitsi behar izaten ditugu eskailerak, bestela buruarekin jotzen ditugu-eta zuhaitz adarrak". 

Bestalde, auzotarrek diote zaborren edukiontziak irekitzeko zailtasunak ere izan dituztela zenbait puntutan. "Gazteenek nolabait irekitzen dituzte zabor edukiontziak, baina adinez nagusienak ez dira gai izaten edukiontziak irekitzeko". Edukiontzien inguruan, halaber, "bi arazo" ikusten dituztela nabarmendu dute batzordekideek. "Batetik, edukiontzien mantenuan ikusten dugu arazoa, baina bestetik, zaborraren birziklapenaren sentsibilizazioan. Parkeen ondoan-eta dauden zaborrontzi txikiak etiketarik gabe ditugu Floreagan, eta ez dago nabaritzerik zabor bakoitza nola bereizi edo birziklatu behar den. Bakoitzak edozein lekutara botatzen du zaborra egoera honetan". 

Auzoko beharrak 

Hobetzeko ikusten dituzten gauzez gain, bestelako behar batzuk ere sumatu dituzte auzotarrek Floreagan. Arropa, pilak eta olio potoak birziklatzeko edukiontziak "beharrezkoak" ikusten dituzte auzoan. "Auzoan ez ditugu edukiontzi horiek. Floreaga ikastetxearen aurrean daude, baina adineko pertsonek ezin dute hara beheraino jaitsi zaborrarekin". Era berean, autoak aparkatzeko aparkaleku gehiagoren beharra nabaritzen hasiak dira auzoan, eta argiztapen aldetik, farola batzuk “zaharkituta" eta beste batzuk “argirik egiten ez dutenak” daudela diote auzotarrek. 

Irisgarritasunari buruz ere hitzegin nahi izan dute auzotarrek. Igogailuaren lehen lanak egiten hastea auzoarentzat ona dela diote, baina susmo bat dute. "Lehen igogailuaren lanak hastea oso berri ona da auzoarentzat, baina lanak lehen igogailuarekin ez baldin badira gelditzen, irisgarritasunaren lanak asko luzatuko diren errezeloa dugu". Irisgarritasun arazoari jarraiki, Urbanoa "ondo" dagoela irizten diote batzordekideek, baina Floreagak dituen behar guztiei ez diela erantzuten uste dute. Gainera, auzoak berak geografikoki ere gehiegi ez duela laguntzen uste dute "Auzoan zenbait puntutan eskailerak daude edota malda ikaragarri handiak; haur-kotxearekin edota gurpildun-aulki batekin mugitzeko zailak diren guneak ditugu". Horrekin batera, zailtasun eta arrisku handiko gune ere detektatu dituzte, hala nola eskailera zein malda handiko zatiak eta egoera "kaskarrean" dauden hormak eta zuloak. 

Floreaga auzoa "utzita" dagoela diote, baina auzoa "herriaren parte" den heinean, erantzun baten premia dute. "Gu ez goaz inoren aurka; hemen gaudela aldarrikatu nahi dugu. Lehentasun garbiak ditu auzoak, eta guztion artean urrats txikiak eginez aurrera egitea lortu nahi dugu. Auzotar askok norbere kasa edo indibidualki jo izan du orain arte udaletxera, baina orain talde bezala ari gara behar guztiak biltzen. Udalak Floreagan lanak egin behar dituenean, gustatuko litzaiguke aurrez auzotarren batzordearekin hitz egingo balu auzoak zer behar dituen jakiteko". Hein handi batean, Floreaga "auzo bizia" dela kontutan hartzea nahi dute, eta bizirik dagoen heinean "arreta" eskatzen dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide