Azkoitiko 36 odol emaileri aitortza egingo diote ostiralean

Andoni Elduaien 2021ko mai. 26a, 08:30

2019an aitortza jaso zuten azkoitiarrak.

Ostiralean iaz eman behar zituzten oroigarriak banatuko ditu Odol Emaileen Elkarteak Azkoitian. Odola 25, 40, 50, 60, 75 eta 80 aldiz eman duten 36 azkoitiar omenduko dituzte. Hurrengo odol ateraldia astelehenean egingo dute Elkargunean, eta plasmaferesi erako odol ateraldiaren proba pilotua egingo dute lehendabizikoz herrian.

Datorren ostiralean, maiatzak 28, Odol Emaileen Elkarteak aitortza egingo die Azkoitiko odol emaileei. Oroigarri banaketa ekitaldia Elkarguneko 'Herriko Plaza' aretoan egingo dute, 20:00etatik aurrera. 2020. urtean COVID-19aren eraginen bertan behera utzi zuten ekitaldia izango da ostiralekoa. 

Guztira 36 gizon-emakume sarituko ditu Odol Emaileen Elkarteak Azkoitian. Odola 25 aldiz eman duten 21 gizon-emakumek, 40 aldiz eman duten bost emakumek, 50 aldiz eman duten lau gizonezkoek, 60 aldiz eman duten bi emakumek, 75 aldiz eman duten bi gizonezkok eta 80 aldiz eman duten bi emakumek jasoko dituzte oroigarriak.

Hurrengo ateraldia, astelehenean

Maiatzaren 31n, bestalde, odol ateraldi arrunta arratsaldez egingo dute Azkoitian, 17:00etatik 21:00etara bitartean. Hala eta guztiz ere, goizez zein arratsaldez Plasmaferesi odol ateraldien proba pilotua egingo dute lehendabizikoz Azkoitian. Orain arte Donostian egin dituzte bakarrik mota horretako odol ateraldiak, baina Odol Emaileen Elkarteak Gipuzkoako herrietara zabaltzeko erabakia hartu du.

Odol Emaileen Elkarteko kideek odoletik plasma banatzeko bi aparatu ekarriko dituzte Azkoitira, eta hogei bat azkoitiarrek parte hartuko dute proban. Plasmaferesi saioan odol emailearen odola apartu batetik pasatuko dute, eta han odol-plasma odoleko beste osagaietatik banatuko dute. Odol emaileak odola bueltan jasoko du berriz, baina plasma kenduta. Odola bueltan jaso ahala, gorputzak berehala sortzen du berriz ere plasma.

Plasmaferesi odol ateraldiak 45 minutu eta ordubete artekoak izango direla jakinarazi dute Odol Emaileen Elkartekoek. Era berean, nabarmendu dute hamabost egunetik behin eman daitekeela odola modu horretan, baina egokiena emaile bakoitzak urtean lau edo sei aldiz ematea dela. Plasmaferesiari buruzko informazio gehiago jasotzeko, 610 11 21 45 telefono zenbakia eman dute elkartekoek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide