Vocalia taldearen kontzertuaz gozatu dute herritarrek, Udaberriko 29. Musikaldiaren barruan

Julene Frantzesena 2021ko mai. 23a, 19:59
Vocalia taldea gaur eskaini duen kontzertuan. (Azkoitiko Udala)

Udaberriko 29. Musikaldi bete-betean da Azkoitia, eta gaur, igandea, zikloko laugarren kontzertua eskaini du Vocalia taldeak. Andre Mariaren Jasokundearen parrokian eskaini du emanaldia, 18:30ean hasita, eta hara joan diren herritarrek gogotik gozatu dute.

Basilio Astulez zuzendariaren gidaritzapean aritu da abesbatza, eta Cristina Saldias pianista, Mertxe Fernandez de Bastida akordeoi-jotzaikea eta Jaurne Garminde bakarlaria izan dituzte lagun abeslariek. Askotariko abestiak entzun ahal izan dira parrokian, hala nola Ave Maria, Crucifixus, Three Ave Marias, Abendlied, Stabat Mater Dolorosa, Missa Nº 6, Bogoroditse devo eta I thank you God.

Datorren astean izango da aurtengo Musikaldiko azken emanaldia. Tetraphilia Ensenble taldeak eskainiko du kontzertua igandean, maiatzaren 30ean, 18:30ean hasita, parrokian. Ander Telleriak (akordeoi mesotonikoa), Anna Margulesek (flauta), Vanesa Garciak (sopranoa), Elena Ruizek (mezzosopranoa), Cesar Polo Polok (tenorra) eta Jorge Apodacak (baxua) osatzen dute taldea.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide