Azkoitiko palistek aurrera egin dute Herriartekoan, Errenteria mendean hartuta

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 23a, 14:08

Buruz buru kantxa osoan Iker Epelde nagusitu da 20-1. Amaia Aizpuruk eta Igor Larrañagak 12-20 galdu dute binakakoa, eta buruz buru zazpi koadroen barruan Aratz Zabaleta izan da nagusi: 20-7. Errenteria mendean hartuta, Herriartekoaren final laurdenetara sailkatu da Azkoitia. 

Final zortzirenetako joan-etorriak irabazita, Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketako finalaurdenetarako txartela eskuratu du Azkoitiak. Gaur jokatu dute Errenteriaren kontrako itzulerako partida Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 10:30ean hasita. 

Abantailarekin atera dira pilotalekura Azkoitiko palistak, joanekoan 0-3 gailendu baitziren. Gaurkoan ez dute horren emaitza biribila eskuratu, baina eskuratutakoarekin nahikoa dute txapelketan aurrera egiteko. Hain zuzen, 2-1 irabazi dio Azkoitiak Errenteriari final zortzirenetako itzulerakoan. 

Buruz buru kantxa osoan Iker Epelde nagusitu da ezbairik gabe, markagailua 20 eta 1 utzita. Bigarren partidan, binakakoan, Amaia Aizpuru eta Igor Larrañaga aritu dira Azkoitiko ordezkari, eta ezin izan dituzte errenteriarrak garaitu. Aizpuruk eta Larrañagak 12-20 galdu dute binakakoa. Hirugarren partidan, buruz buru zazpi koadroen barruan, eroso aritu da Aratz Zabaleta, eta markagailuan nabarmen gailendu da partida 20 eta 7ko emaitzarekin amaituta. 

Gomazko paletako Herriartekoaren kanporaketa guztiak gainditzen dituzten bi taldeek ekainaren 27ko asteburuan jokatuko dute finala.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide