Zalduntxoen kalean eta Beidazarko aldapan lanak ari da egiten udala

Andoni Elduaien 2021ko mai. 21a, 15:06
Lanak egiten ari diren zatia. (Argazkiak: udala)

Zoladura berritzen eta oinezkoentzeko irisgarritasuna hobetzeko lanak ari dira egiten bi kaleetan. Horrez gain, urak bereizteko sarea eta argiztapena ere berrituko dituzte bi kaleetan.

2019. urtean egindako obrei jarraipena emanez, Azkoitiko Udala hainbat lan ari da egiten Zalduntxoen kalean eta Beidazarko aldapan. Duela bi urte Ertzaintzaren eraikina inguratzen duen espaloia berritu zuten, eta baita Zalduntxoen kalea 4 zenbaki pareko espaloia ere. Horretaz gain, saneamenduko ur azpiegiturak ere berritu zituzten. Orain, Zalduntxoen kaleko 1, 2 eta 3 zenbakietan eta Beidazarko aldapan ari dira lanak egiten.

Orain, zoladura berrituko dute, eta oinezkoentzat diren tarteetan irisgarritasuna hobetuko dute. Euri urak eta ur fekalak bereizteko saneamendu sarea ere berrituko dute, argiztapena hobetzearekin eta argiteria publikoa berritzearekin batera.

Aurreikusitako obren iraupena zazpi astekoa da. Udalak azaldu duenez, "ondo bidean", ekainaren erdialderako amaituta izango dira bi kaleetako lanak. Orain exekutatzen ari diren lanen aurrekontua 144.242,64 eurokoa da. 2019an egindako lanak 182.428,99 eurogatik esleitu zituen udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide