Basoak erdigunean, aurtengo Eskolako Agenda 2030 programan

Andoni Elduaien 2021ko mai. 21a, 11:28

Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Floreaga ikastetxea eta Izarraitz LHII ikastetxeetako ikasleak Javier Zubizarreta alkatearekin eta Imanol Arrizabalaga zinegotziarekin bildu dira gaur goizean udaletxean, aurtengo Eskolako Agenda 2030 programan landu dituzten egitasmoen berri emateko. Ikasleek basoen gaia landu dute aurtengo ikasturtean, eta zenbait ondorio plazaratzeaz gain, beren konpromisoak eta proposamenak zein diren azaldu dituzte udal ordezkarien aurrean.

Eskolako Agenda 2030aren bueltan ikastetxeetan egin dituzten lanketak zein diagnostikoa udal ordezkariei azaltzeko, zein atera dituzten ondorioak eta hartu dituzten konpromisoak aurkezteko, Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen ari diren herriko ikastetxeetako ordezkariak udaletxean izan dira gaur, ostirala. Programaren hemezortzigarren ikasturtea da aurtengoa, eta Bizilore Eskola Aktiboa ere batu da aurten Azkoitiko taldera. Hori horrela, Azkoitian lau ikastetxe ari dira aipatutako programan parte hartzen: Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Floreaga ikastetxea eta Izarraitz LHII. Lau eskola horietako bina ordezkari izan dira gaur udaletxean Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearekin eta Imanol Arrizabalaga zinegotziarekin egitasmoarne inguruko udalbatzarra egiteko.

Javier Zubizarreta alkateak natura zaintzeko ardura "bakoitzaren konpromisotik" hasten dela azaldu du ikasleen aurrean, eta nabarmendu du "kalea etxea bezala zaindu" behar dela. Mendiak, basoak, hondartzak zein errekak "maitatzen jarraitzeko" eskatu die alkateak ikasleei, "mundua gure etxea delako eta zuei urte asko geratzen zaizkizuelako inguruaz gozatzeko". Zubizarretak azpimarratu du ingurumenaren aldeko kontzientzia "gero eta handiagoa" dela, baina "asko" dagoelako oraindik egiteko. Imanol Arrizabalaga Ingurumen zinegotziak, bestalde, landa inguruneko kontuak izan ditu hizpide. Hark jakinarazi duenez, Azkoitian 250 baserri inguru daude bertatik bizi direnak, duela hogei urte baino 150 bat gutxiago. "Baserritarra ahalegintzen da etxe buelta txukun mantentzen, baina zaila da baserririk ez badago".

Orain arte ezaguna zen Eskolako Agenda 21 programak Eskolako Agenda 2030 izena hartu du aurten. Azkoitian etapa desberdinetako ikasleak izan dira protagonista, hain zuzen ere, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketakoak. Herrian, guztira, 1.350 hamazazpi helburu batzen ditu agendak. 2015eko irailaren 25ean onartu zituzten helburuok NBE osatzen duten 193 herrialdek, mundu mailan "pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko" asmoz. Aurtengo GJHekin hasteko, ikastetxeetan hamabosgarren helburua hartu dute abiapuntu gisa, hau da, lehorreko ekosistemetako bizia. "Oso helburu zabala" izanik, aurten basoen inguruko lanketa egin dute ikasleek.

Ikastetxeetako lanketak

Basoen gaia lantzeko, ikastetxe barrura zein kanpora begirako zenbait ekintza egin dituzte. Azterkosta izeneko proiektuko marrazki lehiaketan parte hartu dute, eskola alboetako urmaelen lanketa egin dute, hitzaldiak entzun dituzte eta zenbait material biodregadagarriak ote diren aztertu dute. Era berean, Eskolako Agenda 2030eko logoa diseinatu dute, baita berrerabilitako zurezko materialekin intsektuentzako hotelak egin ere. Erronka batean erabilitako materialekin zurezko etxe bat ere eraiki dute egurreko ikasleek, eta Aldundiak antolatutako 'Ekonomia Zirkularra Modelatuz' lehiaketa parte hartu eta sari bat lortu dute. Horrez gain, berrerabilitako jostailu bilketa eta banaketa ere egin dituzte herrian. Basoak ernatzen izeneko proiektuko partaideak izan dira Azkoitiko ikasleak Gipuzkoako beste 50 ikastetxe baino gehiagorekin batera, eta ezkurrak bildu eta metodo zientifikoa erabilita, zuhaitzak ereiten saiatu dira.

Atera dituzten ondorioak

Ikastetxeek ikasturtean zehar egindako lanketak ikasleen arteko foro batean partekatu dituzte; egungo egoerak baldintzatuta, saioak online egin behar izan dituzte. Hala eta guztiz ere, basoen inguruan egindako lanketaren ondorioz "emaitza desberdinak lortzeko aukera" izan dute. Ondorio onen artean, ondorioztatu dute herriko basoek "aukera ona" ematen dutela bertako bizidunak ezagutzeko eta gauza asko ikasteko. Aztertu duten basoa naturala da, eta "oso egoera onean" daudela eta "bizitza handia" dutela ikusi dute. Halaber, landaketak egiteko aukera izan dute eremu berdeak "handituz". Inkesta bat ere egin dute ikastetxeetan, eta ikusi dute parte hartu duten herritarrek inguruko mendiak eta basoak ezagutzen dituztela, horietara joateko duten ohituragatik. Gainera, parte hartzaileek erantzun dute mendira joatea "gustuko" dutela, natutarekin "kontaktua" egiteko edota "lasaitzeko".

Hobetu daitezkeenen atala ere ondu dute Azkoitiko ikasleek foroan. Basora "irteera gutxi" egiten dituztela azaldu dute, eta beraientzat horiek "ezezagunak" direla adierazi dute. Gainera, basoan zaborra aurkitu dutela adierazi dute, "batez ere bideetan". Ondorioztatu dute, halaber, mendira ez joatearen arrazoi nagusia denbora falta eta adina direla. Bisitatu dituzten basoetan "sasi asko" dagoela nabarmendu dute, jendea ez delako bide horietan ibiltzen, eta horri lotuta, jendea basoetara ez dela joaten ikusi dute.

Ondorio txarrak ere atera dituzte, ordea, ikasleek foroan. Gizakiak utzitzako "zabor asko" aurkitu dute, eta ikusi dute basoan gaixotutako pinu asko dagoela. Basoetan, halaber, kanpoko espezieak "gero eta hedapen handiagoa" dutela nabarmendu dute. Azkoitian lur pribatu asko dagoela adierazi dute ikasleek, eta herritarrek erabiltzeko berdeguneak falta direla sumatu dute. Inguruko mendien egoeraren "ezagutza maila baxua" dela azpimarratu dute, eta horri lotuta, jendeak babestutako eremurik ez duela ezagutzen ondorioztatu dute. "Besteak beste, jendeak ez daki Izarraitz mendikatea Kontserbazio Bereziko Eremua denik", azaldu dute. Adin nagusiko pertsonentzat, gainera, mendi ibilbide egokirik ez dagoela nabarmendu dute udalbatzarrean.

Hartutako konpromisoak

Basoen gaia landu eta ondorioak ateratzeaz gain, ikasleek hamar konpromiso hartu dituzte:

  1. Mendiko landareak eta animaliak errespetatu, puskatu edo molestatu gabe. Animaliaren bat zaurituta aurkituz gero, horretaz arduratzen den erakundera deitu.
  2. Basoan hondakinik ez utzi. Zerbait botata ikusiz gero, jaso eta herrian bota zakarrontzira.
  3. Mendiko langak beti itzita utzi.
  4. Landaketetan eta garbiketa kanpainetan parte hartu.
  5. Landatutako zuhaitzen jarraipena eta zainketa egin.
  6. Naturarekiko harremana sendotzeko eta hori hobeto zaintzeko, bertakoaz gehiago ikasten saiatu.
  7. Kanpo espezieek gure basoengan duten eragina eta arriskuen inguruko informazioa gure gertukoei eman.
  8. Eskolako Agenda 2030ak proposatzen dituen ekintzetan parte hartu eta inguruan GHJak ezagutarazi.
  9. Baliabide naturalak alferrik ez gastatu.
  10. Ikasturte hasieran norbanakoen konpromiso dokumentua irakurri eta hausnartu, bakoitzak bere egunerokotasunean konpromisoak betez.

Udalari proposamenak

Ikasleen arteko foroan udalari zenbait eskera egin dizkiote. Online saioetan parte hartu duten ikasleez gain, ikastetxeetan talde gehienek izan dute proposamenen baten aldeko botoa emateko aukera. Hain zuzen ere, 370 ikasle inguruk parte hartu dute bozketa horietan. Azkoitiko Udalari eskatu diote basoak "zaintzeko" eta horien egoera hobetzeko "proiektuak susatzeko". Era berean, markatutako ibilbideak zaintzeko ere eskatu diote, baita Uxer errekaren ondoan zaborrontzi sendoak jartzeko eta zaborra ez botatzeko kartelak jartzeko ere. Ehiza eta arrantza eremuen inguruan ere solastu dira ikasleak, eta adierazi dute eremuak "ondo finkatu" behar direla, eta arauak zein diren "garbi" utzi behar direla. Gainera, gutxi dauden animaliak ez ehizatzeko kartelak jartzeko eskatu diote udalari.

Herriko baso eta zuhaitzen inguruan ere egin dizkiote ikasleek proposamenak udalari. Herrian bizirik dauden zuhaitzak ez botatzeko eskatu diote udalari, eta babestutako eremu gehiago sortzeko eskatu dute, horretarako behar diren lurrak erosiz eta bertako zuhaitzak landatuz. Gainera, baso mozketak egin ondoren bertako zuhaitzen landaketa sustatzeko sariak jartzeko proposamena egin dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide