Dagoeneko eros daitezke Anarik hilaren 29an Baztartxon emango duen kontzerturako sarrerak

Andoni Elduaien 2021ko mai. 20a, 08:59

Hilaren 29an, larunbata, eskainiko du abeslari azkoitiarrak kontzertua Baztartxon, 19:00etan hasita, eta dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak Entradium plataforman eta Azkoitiko Udalaren agendako atalean.

Anari abeslari azkoitiarrak maiatzaren 29an Baztartxo antzokian eskainiko duen kontzerturako sarrerak eros daitezke dagoeneko. Azkoitiko Udalak antolatuta, gaur jarri dituzte sarrerak saltzen Entradium plataforman eta udalaren webgunearen agendako atalean, 12 euroan.

Psych Out taldean hasi zen Anari bateria jotzen, 1997an egin zuen debuta bakarka, eta gaurdaino hamar lan baino gehiago argitaratu ditu, diskoak, singleak, EPak eta bildumak kontuan hartuta. Haren lanek oso kritika onak jaso dituzte, eta hogei urtetik gorako ibilbidean nortasun handieneko euskal emakumezko kantarietako bat dela erakutsi du. Nick Cavek, Bob Dylanek eta beste zenbait artistak eraginda, musika gordin eta poetikoa egiten du. Beste hainbat musikarirekin ere kolaborazio lanak egindakoa da azkoitiarra.

2007an, bestalde, Bidehuts diskoetxea sortu zuen, Inoren Ero Ni eta Lisabö taldeetako kideekin batera, euren lanak argitaratu ahal izateko. Adarra Saria jaso zuen lehenengo emakumea izan da Anari; 2018an jaso zuen oroigarria Donostian. Urtero Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak euskal musikaren alorreko ibilbide bati egiten dioten aitortza da Adarra Saria. Era berean, sari hori jaso duen pertsonarik gazteena da une honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide