Anaitasuna Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketetara sailkatu da

Andoni Elduaien 2021ko mai. 19a, 21:47

Anaitasunko jokalariak kanporaketa fasea jokatzeko lortu duten sailkapena ospatzen.

Gorrixek 3 eta 0 menderatu dute Beasain Txerloian, eta multzoburu amaitu dute bigarren fasea. Klubaren historian lehen aldiz, Anaitasunak Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketak jokatuko ditu. Pasaia izango da azkoitiarren lehen aurkaria igoera lortzeko bidean.

Anaitasunako mutilen lehen taldea Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketetara sailkatu da gaur, asteazkena, Beasain futbol taldeari Txerloian 3 eta 0 irabazi ondoren. Historia idazten jarraitzen du Anaitasunak. Espainiako Errege Kopa Getaferen aurka jokatu eta liga txapelketa bikaina osatu ostean, klubaren historian lehen aldiz lortu dute gorrixek Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara –RFEF Bigarren Maila datorren urtetik aurrera–  igotzeko kanporaketa fasera sailkatzea.

Beasainen aurka nagusi izan da une oro Anaitasuna. Lehen zatian, abagune gutxi izan dira Txerloian, nahiz eta azken metroetara ondo iristea lortzen zuen etxeko taldeak. Halaber, jokoaren ekimena Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldearena izan da.

Golak bigarren zatian iritsi dira. Atsedenaldian zelairatu den Ander Arabaolazak ireki du markagailua 52. minutuan eskuinez egindako jaurtiketa baten ondoren; aurrelariak langak lagunduta lortu du baloia sareetara bidaltzea. Handik sei minutura, 58. minutuan, Julen Aramendik etxekoen bigarrena egitea lortu du. Hirugarren eta azken gola, berriz, neurketaren hondarrean iritsi da. Paseak motzean eta bizi lotu dituzte gorrixek area ertzean, eta Xabi Soraluzek ez du hutsik egin area barruan. 

Gorrixek maila aparta erakutsi dute beste behin, eta sasoirik onenean iritsiko dira kanporaketen fasera. Neurketaren amaieran zelaiaren erdian elkartu dira jokalariak, eta sailkapena ospatzeko "play-off, play-off" abestu dute pozarren. Pasaia izango da Anaitasunaren lehen kanporaketako aurkaria, eta Pasaiako (Gipuzkoa) Jesus Mari Zamora futbol zelaian jokatuko dute datorren igandean, maiatzak 23, 17:00etan.

Mailaz talde bakarra igoko da, eta talde horrek hiru neurketa irabazi beharko ditu. Anaitasunak Pasaiaren aurkako kanporaketa gainditzen badu, Sestao River edo Vitoria egin beharko dio aurre bigarren kanporaketan. Mailaz igotzeko behar diren neurketa guztiak partida bakarrera jokatuko dira, eta gainera, Anaitasunak etxetik kanpo jokatu beharko ditu, bigarren fasea ez duelako jokatu onenen multzoan. Neurketako arauzko 90 minutuak jokatuta partida berdinketarekin amaitzen bada, luzapeneko 30 minutu jokatuko dituzte. 120 minutu jokatuta ere irabazlerik ez badago, ez dute penaltirik jaurtiko eta ligan onena izan den taldeak egingo du aurrera.

Taldea Julen Aramendik egindako gola ospatzen. 

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide