2020an Mohamed, Ane eta Haizea izan ziren izenik arruntenak Azkoitiko jaioberrien artean

Andoni Elduaien 2021ko mai. 20a, 08:00

Jaioberri baten oinak. (Argazkia: Pixabay)

2020an 2019an baino haur bat gutxiago jaio zen Azkoitian, 47 neskato eta 43 mutiko, hain zuzen ere. Gehien errepikatutako izena Mohamed izan zen mutilen artean eta Haizea eta Ane izan ziren nesken artean.

Azkoitiko Bake Epaitegiak Maxixatzen.eus-i emandako datuen arabera, Mohamed, Ane eta Haizea izan ziren iaz, 2020an, Azkoitian jaiotako haurren artean gehien errepikatu ziren izenak. Guztira, 90 haur jaio ziren iaz Azkoitian —2019an baino bat gutxiago—, eta horietatik 47 izan ziren neskak eta 43 mutilak. 

47 neska (jaioberrien %52,2) horien artean, Ane eta Haizea izenak izan ziren gehien errepikatutakoak; izen hori duten hiruna haur jaio ziren iaz Azkoitian. Nora, Nikole, Mara eta Nile izenak, berriz, birritan errepikatuta ageri dira Bake Epaitegiak emandako datuetan. 43 mutilen (jaioberrien %47,8) artean, berriz, Mohamed izan zen iaz gehien errepikatu zen izena; lau mutil ageri dira Bake Epaitegiak emandako datuetan Mohamed izenarekin. Horrez gain, bi aldiz errepikatuta ageri dira Jon, Xanet eta Muhammad Talha izenak. Era berean, 2020an Azkoitiko gurasoek neskei zein mutilei errepikatutako izenak hamar izan ziren orotara. Errepikatu gabeko izenak, berriz, 66 izan ziren.

2019ko datuak

2019an, guztira, 91 haur jaio ziren iaz Azkoitian, eta horietatik 49 izan ziren neskak eta 42 mutilak; hori horrela, iaz 2019an baino bi neska gutxiago jaio ziren herrian, eta mutil bat gehiago. Guraso azkoitiarrek hainbat izen errepikatu zituzten 2019an, baina arruntena Luka izan zen azkoitiarren artean. 2018. urtean, berriz, 74 haur –41 mutil eta 33 neska– jaio ziren herrian, eta 115 izan ziren 2017. urtean jaiotakoak.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide