Azkoitian egingo dute Zapla bertsolari gazteen zirkuituko saioetako bat

Andoni Elduaien 2021ko mai. 19a, 13:55
Miren Amuriza bertsolaria. (Argazkia: Bertsoa.eus)

Abaraxka aterpetxean izango da saioa ekainaren 6an, eta dagoeneko eskuratu daitezke bertso saiorako sarrerak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen webgunean. Julene Iturbe bertsolari azkoitiarrak Eskoriatzako eta Legazpiko saioetan parte hartuko du.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Zapla bertsolari gazteen zirkuitua antolatu du bederatzi bertsolari gazterekin eta horien bertso eskolekin elkarlanean, bertsolari gazteen plazaratzea sustatzeko asmoz. Bertsolari horien artean da Julene Iturbe azkoitiarra. Iturbek Eskoriatzan eta Legazpin egingo dituzten saioetan parte hartuko du, maiatzaren 29an eta ekainaren 25ean, hurrenez hurren.

Bertso zirkuituko bigarren saioa, gainera, Azkoitian egingo dute ekainaren 6an; 18:00etan hasiko da bertso saioa, Abaraxka aterpetxeko aretoan. Iker Ormazabal, Oihana Arana, Uxue Alkorta eta Miren Amuriza bertsolariak arituko da oholtzaren gainean bertsotan.

"Behin Eskolarteko Txapelketa bukatuta, plazaz plazako jardunera iritsi arteko etapan dauden bertsolari gazteek, sarri norbere bertso eskolak antolatutako saioetan kantatzeko aukera izaten dute, baina hortik kanpoko zirkuituan sartzea kosta egiten da", azaldu du Bertsozale elkarteak. Plazaratze prozesu horretan dauden bederatzi gaztek hainbat bertsolarirekin trukatutako esperientzietatik sortu da Zapla, eta asmoa da gazteek plazan dabiltzan bertsolariekin kantatzeko aukera izatea. 

Guztira hiru formatu desberdinetako sei saio antolatu ditu Bertsozale Elkarteak Eskoriatzan, Azkoitian, Hernanin, Zarautzen, Legazpin eta Beasainen, tokian tokiko bertso eskolekin elkarlanean. Azkoitiko saiorako gonbidapenak eskatu daitezke, hemen. Gonbidapenak eskatzen dituenak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide