Udako tenis ikastaroetan izena emateko epea, zabalik

Andoni Elduaien 2021ko mai. 19a, 11:44

Uztailean zehar bi txandatan banatuta eskainiko dute ikastaroa Txerloia tenis klubak eta udalak, Txerloiako tenis pistetan. Izen ematea zabaldu dute dagoeneko, eta arduradunek azaldu dutenez posible izango du ikasle batek bi txandetan izena ematea.

Txerloia tenis klubak eta Azkoitiko Udalak udako tenis ikastaroa eskainiko dute uztailaren 5etik 30era bitartean. Bi txandatan banatuko dute ikastaroa; izan ere, lehen txanda uztailaren 5etik 16ra bitartean egingo dute, eta bigarrena uztailaren 19tik 30era artean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, posible izango du ikasle batek bi txandetan izena ematea. LH1etik LH5era bitarteko ikasleek txandako 30 euro ordaindu beharko dute ikastaroagatik, eta horiek Elkargunean eman beharko dute ikastarorako izena; LH6 eta DBH mailako neska-mutilek, berriz, 669 621 802 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat idatzi beharko dute izena emateko. Horiek txandako 35 euro oraindu beharko dute ikastaroaren lehen egunean.

Adinaren arabera banatuko dituzte ikastaroak. LH3, LH4 eta LH5 mailetako ikasleek 10:30ean eta 11:30ean izango dituzte ikastaroak; LH1 eta LH2 mailetakoek, berriz, 11:30ean. LH6 eta DBH mailako ikasleek, ostera 09:30ean eta 11:30ean izango dute tenis ikastaroa. Txerloiako tenis pistetan emango dituzte ikastaroak, baina euria egiten duenean Azkoitia BHIren eraikinean egingo dituzte saioak. Ikastaroa Azkoitia BHIren eraikinean bada, gainera, 669 621 802 telefono zenbakiko Whatsapp profilean aterki bat agertuko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide