Hasi dituzte Floreagan lehenengo igogailua jartzeko lanak

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 19a, 11:07
(Azkoitiko Udala)

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanean lehen fasea da abian jarri dutena. Lanak Egurki eraikuntza enpresak egingo ditu, eta horiek 584.554,63 euroko aurrekontua izango dute. Floreaga-zahar jauregiaren, Floreaga ikastetxearen eta Aizkibel kalearen artean egingo dituzte lanok. Abuztuaren erdialderako bukatuta izatea espero du udalak.

Iragarrita bezala, ekin diete Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko lehenengo faseko lanei. Atzo jarri zituzten obretako etxolak, eta gaur sartu dira lehenengo makinak. Lanak Egurki eraikuntza enpresak egingo ditu, eta 584.554,63 euroko aurrekontua izango dute horiek. Lanak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren 271.050 euroko dirulaguntza lortu du udalak. Floreaga-zahar jauregiaren, Floreaga ikastetxearen eta Aizkibel kalearen artean egingo dituzte lanok. Aurreikuspenak betetzera, hiru bat hilabeteko iraupena izango dute; udalaren asmoa da abuztu erdirako amaituta izatea. 

"Ibilbide luzea egin dugu 2018ko uztailean Floreagako irisgarritasuna hobetzeko alternatiben azterlana eskatu genuenetik, baina iritsi gara, behintzat, proiektua paperean ikustetik exekutatzen ikusten hastera. Faseka aurrera egingo dugu, eta Floreagan bezalaxe, herriko beste hainbat puntutan ere bai; esaterako, hilerrian, San Jose Egoitzan edota San Martinen. Asmatu enpresa, esleipenduna, azterlana egiten ari da jada hilerriko eta San Jose Egoitzako irisgarritasuna nola hobetu ikusteko, eta LKS enpresa, berriz, San Martingo aukerak aztertzen ari da", azaldu du Javier Zubizarreta alkateak.

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak bost fasetan egin nahi ditu udalak, eta abian jarri dutena lehen fasea da. Bigarren faseko proiektua ere idatzita dago dagoeneko, eta hurrengo urratsa lanak lizitaziora ateratzea izango da. Garaia iristen denean, lehen faseko lanak bukatzen dituzten puntutik abiatuko dituzte bigarren fasekoak. Hain zuzen ere, Aizkibel kaletik Zuazola kalera artean eraikiko duten pasabidetik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide