Vocalia taldea, Azkoitiko 29. Udaberriko Musikaldiko laugarren protagonista

Andoni Elduaien 2021ko mai. 20a, 08:15

Taldekideak, elkarrekin. (Argazkia: Vocalia)

Abesbatzen munduan esperientzia handia dute Euskal Herriko zein Errioxako (Espainia) hainbat emakumek osatzen dute Vocalia taldea. Azken igandeetan bezala, 18:30ean hasiko da doako kontzertua Azkoitiko parrokian. 

Datorren igandean, maiatzak 23, 29. Udaberriko Musikaldiaren laugarren kontzertua izango da, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. 18:30ean hasita, Vocalia taldea izango da protagonista parrokian. Basilio Astulez zuzendariak zuzenduko du abesbatza, Cristina Saldias arituko da pianoarekin, Mertxe Fernandez de Bastidak akordeioa joko du eta Jaurne Gaminde bakarlari lanetan arituko da.

Azkoitiako parrokian konpositore askoren askotariko abestiak kantatuko dituzte, besteak beste, Ave Maria, Crucifixus, Three Ave Marias, Abendlied, Stabat Mater Dolorosa, Missa Nº 6, Bogoroditse devo eta I thank you God abestiak.

2000. urtean Basilio Astulez egungo zuzendariaren ekimenez sortu zen Vocalia taldea, eta egun abesbatzen munduan esperientzia handia duten Euskal Herriko zein Errioxako (Espainia) 35 emakume abeslarik osatzen dute taldea. Abesbatzen panoraman erreferenteetako bat da Vocalia, kontzertuetarako egiten dituzten programazio arriskutsuengatik eta eszenaratze zainduengatik.

Basilio Astulez abesbatzako irakaslea da Leioako Udal Kontserbatorioan eta Leioa Kantika Korala haur abesbatzaren sortzailea izan zen 2001. urtean. Hala eta guztiz ere, abesbatza gehiago ere jarri zituen martxan Astulezek, besteak beste, La Kantoria gazteen abesbatza 2005ean eta SJB abesbatza mistoa 2007an.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide