Talde ez-profesionalen ikuskizunak, heltzear

Anartz Izagirre 2021ko mai. 19a, 10:00
Sahatsaren 'Pirinioen magalean' ikusikizuneko une bat, 2019ko azaroan. (Anartz Izagirre)

Eusko Jaurlaritzak dantza taldeen nahiz musika eta ahots izaerako taldeen ikuskizunak baimendu ditu, eta neurri berriek eragina izan dute Azkoitiko hainbat taldetan. Sahatsa dantza taldea Matalaz ikuskizuna prestatzen hasi da uztailerako, eta Iraurgi abesbatza entseguak egiten ari da urrian Donostian emango duen kontzertu baterako.

Alarma egoerak hainbat aldaketa eragin ditu jendartearen egunerokotasunean, eta etxeratze agindua eta mugikortasun mugak kentzeaz gain, beste alor askotan malgutu dituzte neurriak. Ikuskizunen eremuan, esaterako, talde ez-profesionalei eragiten dien hainbat aldaketa iragarri zituen joan zen maiatzaren 8an Eusko Jaurlaritzak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu zuten 23/2021 Dekretuaren arabera, dantza talde ez-profesionalen nahiz musika eta ahots izaerako taldeen entseguak zein emanaldiak baimentzen dira, betiere prebentzio neurriak errespetatua.

Azkoiti-Azpeitiko Sahatsa dantza taldeak hainbat hilabete daramatza entseguak egiten, baina ezohiko baldintzetara egokitu behar izan zuen taldeak. "Bi azpitaldetan banatuta egiten ditugu entseguak, eta talde bakoitzean bospasei dantzari aritzen dira, neurriek eskatzen duten moduan. Osasun krisiaren aurretik astean entsegu bat egiten genuen, baina orain ordutegia bitan banatu behar izan dugu denok entseatu ahal izateko", azaldu du Juan Luis Lizabe Sahatsa dantza taldeko kideak.

Jaurlaritzaren 23/2021 Dekretuan ez da zehazten entseguetan elkar daitezkeen dantzarien kopurua zenbatekoa den, baina taldeek "prebentzio-neurrien protokoloa" izan behar dutela zehazten da bertan, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena. Sahatsak, dena den, azken hilabeteetan entseatu duen moduan jarraitzen du oraindik.

Ilusioa berpiztuta

Dantza talde ez-profesionalen emanaldiak baimentzeak, ordea, izan du eragina Sahatsa taldearengan. Izan ere, dagoeneko badute azken hilabeteetako lehen emanaldiaren data: uztailaren 10a. Matalaz ikuskizuna ari dira prestatzen Soreasu antzokian egin asmo duten Azpeitia Dantzan jaialdian eskaintzeko, eta "ilusioa bueltatu" zaiela aitortu du Lizabek: "Orain arteko entseguetan teknika lantzen aritu gara, makil-jokoak egiten, banaka edo binaka… Orain, berriz, Matalaz ikuskizuneko koreografiak entseatzen hasi gara, uztaileko emanaldirako". Horrez gain, ikusikizun bera Azkoitian egiteko asmoa ere badute Sahatsakoek, baina oraindik ez dute fata finkorik.

Abesbatzak ere bueltan

Dekretu berean musika eta ahots izaerako taldeen entseguak eta emanaldiak ere baimentzen dira, baina dantza taldeekin gertatzen den bezala, horiek ere prebentzio-neurrien protokoloa izan beharko dute. Hala eta guztiz, neurri berriak ez die gehiegi eragin Iraurgi abesbatzakoei, duela bi aste entseguekin hasi baitziren berriro, iazko urritik entseatu gabe egon ostean. Izan ere, urrian Donostiako Kursaalean kontzertu bat eskaintzeko kontratatu dute Azkoitiko abesbatza, eta hori prestatzen hasteko baimenak lortu zituzten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide