Anaitasunako mutilek mailaz igotzeko kanporaketetara sailkatzea izango dute jokoan bihar, Txerloian

Andoni Elduaien 2021ko mai. 18a, 20:00
Anaitasunak Pasaiaren aurka Txerloian jokatu zueneko argazkia.

Bihar, asteazkena, Anaitasunako mutilen lehen taldeak Beasain taldea hartuko du Txerloian, 19:45ean. Taldeak bere eskuetan du mailaz igotzeko kanporaketetara sailkatzea; irabaziz gero, Urduliz edo Pasaia izango dute aurkari datorren asteburuan bertan jokatuko den lehen kanporaketan.

Anaitasunako Hirugarren Mailako mutilen taldeak bigarren faseko azken neurketa jokatuko du bihar, asteazkena, Txerloian. 19:45ean hasita, Beasain izango dute aurkari azkoitiarrek. Anaitasunak, Deustorekin eta Santutxurekin batera, mailaz igotzeko kanporaketetara sailkatzeko aukerak ditu; hiru talde horietatik bik lortuko dute soilik, ordea, aurrera egitea. Sailkapenari erreparatuta, Deusto da une honetan liderra 42 punturekin, eta Anaitasuna bigarrena da 40 punturekin; Santutxu, aldiz, hirugarren postuan dago 39 punturekin.

Anaitasunak Beasaini irabazten baldin badio, ez du Deustok eta Santutxuk zer egiten duten itxaron beharrik izango; zuzenean sailkatuko da Bigarren B Mailara igotzeko –datorren denboralditik aurrera RFEF Bigarren Maila– kanporaketa fasera. Anaitasunak berdindu edo galdu egiten badu, ordea, Santutxuk San Ignacioren zelaian lortzen duen emaitzaren zain egon beharko du. Bizkaitarrek bai ala bai irabazi behar dute beren partida Anaitasuna sailkapenean gainditzeko; izan ere, balizko 40na puntuko berdinketarekin ere Anaitasunak lortuko luke txapelketan aurrera egitea. Santutxuren aurkako lehia zuzenean golen aldea Anaitasunaren aldekoa da; 3 eta 1 galdu zuten azkoitiarrek Santutxun, baina Txerloian 5 eta 0 irabazi zuten.

Anaitasunak sailkapenean lehena izateko aukerak ere baditu, Deustoren aurkako lehia zuzena ere irabazita baitu. Txerloian 2 eta 0 menderatu zuten gorrixek Deusto, eta bizkaitarren zelaian bana berdindu zuten. Bigarren fasea lider amaitzeko, Anaitasunak irabazi egin behar du, eta Deustok ez irabazi. Fasea lehen postuan amaituz gero, Pasaia izango luke aurkari Xabi Artetxeren taldeak lehen kanporaketan, eta bigarren amaituz gero Urduliz. Mailaz igotzeko hiru kanporaketa gainditu beharko lituzke Anaitasunak. Aldiz, bigarren fasea hirugarren postuan amaituz gero, bihar bertan amaituko luke denboraldia.

Honela dago une honetan sailkapena Anaitasunaren multzoan:

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide