Janire Igoa PSE-EEko zinegotzia "oso gustura" agertu da zaharren egoitzako joan-etorriak malgutu direlako

Anartz Izagirre 2021ko mai. 18a, 14:20
Janire Igoa, PSE-EEko Azkoitiko zinegotzia. (Argazkia: PSE-EE)

PSE-EEko zinegotziak azaldu duenez, "sekulako poza" hartu dute San Jose egoitzako egoiliarrek eta langileek neurriak malgutu direnean. Bestalde, Igoak eskerrak eman dizkie egoitzako langileei eta zuzendaritzari azken urtean egindako kudeaketagatik.

Janire Igoa Azkoitiko Udaleko PSE-EEren bozeramaileak adierazi duenez, Azkoitiko San Jose egoitzan irteera eta bisita neurriak malgutu izanak "lasaitasun eta poz handia" eragin die erabiltzaileei eta langileei. "Azkenean, gure adinekoak argia ikusten hasi dira, eta urte gogor honetan isolamendua jasan dutenei itxaropena eta bizitza normala ematen hasi gara. Pozik egoteko eguna da gure adinekoentzat", adierazi du Gizarte Politikako zinegotziak ohar bidez.
 
Adinekoen egoitzak bere jarduerari eutsi dio pandemia urtean, Igoaren esanetan ezin izan delako itxi, ezta jarduerak murriztu edo eten ere. Zinegotziak aitortu duenez, COVID-19aren osasun-krisiak "nahastu" izan du zentroko egunerokoa eta konfinamenduak "eragina" izan du egoiliarren eta langileen artean, baita haien senideengan ere; izan ere, hilabete askotan ezin izan dute beren senitartekoekin egon.

Gainera, egoitzako zaintzaileen eta erabiltzaileen artean "harreman estua" egon dela adierazi du Igoak, baita beste egoiliar batzuekin ere. Horrez gain, Igoaren esanetan kutsatzeak prebenitzera bideratutako prebentzio eta kontrol-neurriek "garrantzi handia" hartu dute egoitzan. Egoitzan koronabirus kasurik egon ez dadin, langileak "giltzarriak" izan direla adierazi du PSE-EEko kideak. Hori horrela, egoitzako langileek eta zuzendaritzak egindako kudeaketa "zoriondu" eta "eskertu" nahi izan du zinegotziak.

"Orain, txertaketetan izandako aurrerapenari esker, malgutu egin dira neurriak, eta Azkoitiko intzidentzia tasa jaitsi egin denez, egoiliarrek beren egunerokoa normalizatu dezakete, senitartekoekin paseo bat emateko mugarik gabe egoitzarik irtenez eta hori beren bizi-kalitatea hobetzeko orduan zeinen onuragarria den kontuan hartuta", adierazi du.

Bestalde, "kontu handiz" ibiltzeko eskatu die herritarrei zinegotziak. "Herriaren erdia oraindik txertatu gabe dago eta adinekoak babestu egin behar ditugu". Igoak, halaber, birusa "kontrolpean" izateko eta "olatu berri bat saihesteko", herritarrei arduraz jokatzeko eta prebentzio neurriak betetzeko eskatu die, hala nola maskara erabiliz eta segurtasun tartea nahiz higienea zainduz.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide