Udalak eta Plaza Ondo elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Andoni Elduaien 2021ko mai. 18a, 10:24
Ezkerretik eskuinera, Igoa, Zubizarreta, Zarraga eta Agirre. (Argazkia: udala)

Urtero bezala, udalak lankidetza hitzarmena sinatu du jubilatuen elkartearekin, aisialdiko jarduerak antolatzen jarraitu dezaten. 

Azkoitiko Udalak eta Plaza Ondo jubilatuen elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Elkarteko Pilar Zarraga presidenteak eta Javier Zubizarreta alkateak sinatu dute akordioa. Bidelagun izan dituzte elkarteko Markos Agirre eta Gizarte Zerbitzuetako Janire Igoa zinegotzia. Sinatu duten akordioaren arabera, elkarteak 27.030 euroko laguntza jasoko du. 

Plaza Ondo elkarteak 1.200 bazkide ditu gaur egun, eta joan zen martxoan berritu zuten zuzendaritza batzordea kide berri batzuk sartuta. COVID-19ak ez dio lagundu elkarteari; izan ere, hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan dituzte.

Egoera "pixkanaka bere onera" etorriko delakoan daude, eta jarduera programa bat gauzatzeko aukera izango dute. Besteak beste, elkartea arduratzen da bidaiak, txangoak, Jubilatuen Astea, bingoa eta karta-jokoak antolatzeaz. Era berean, urtero 90 urte betetzen dituzte gizon-emakume azkoitiarrei omenaldia egiten die elkarteak, udalarekin batera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide