Jexux Andueza pilotari ohia hil da

Andoni Elduaien 2021ko mai. 14a, 14:46
Jexux Andueza artxiboko irudi batean.

64 urterekin hil da, gaixotasun baten ondorioz. Munduko eta Espainiako txapelketak nahiz Bigarren Mailako Buruz Buruko Pilota Txapelketa irabazi zituen Anduezak. 22 urte egin zituen Azkoitiko pilota eskolako arduradun lanetan.

Jexux Andueza pilotari ohia hil da gaur, ostirala, 64 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Anduezak, bere dinastiako seigarrenak, hainbat txapelketa irabazi zituen pilotari izan zen sasoian. Gainera, pilotan jokatzeari utzi ondoren Azkoitiko pilota elkartearen ardura hartu zuen.

Anduezak urrea lortu zuen Baiona eta Biarritz artean 1978. urtean jokatu zen VIII. Munduko Txapelketan. Urte hartan bertan, gainera, Espainiako Afizionatuen Txapelketa irabazi zuen azkoitiarrak, Zengotita arabarrari irabazita.

Txapel horiek irabazita, handik urtebetera, 1979an, profesional moduan debutatu zuen Anduezak Bergaran (Gipuzkoa). Urte hartan, halaber, Bigarren Mailako Buruz Buruko Pilota Txapelketa irabazi zuen, Arzelus pilotariari irabazita. 1980an, 23 urte zituela, lehen mailan egin zuen debuta, eta Buruz Buruko Txapelketan finalerdietara iritsi zen hainbat faborito kanporatuta.

Ibilbide luzea herrian

Anduezak, bakarkako ibilbidean ez ezik, lan handia eta oparoa egin zuen Azkoitiko pilota elkartearen alde. 22 urtez aritu zen Oteiza Pilota Kirol Elkartearen gidaritzan, harik eta 2017an Alex Juaristi elkarteko kideari erreleboa eman zion arte.

Anduezaren eskutik irabazi ditu Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako azken txapelak. Hain zuzen ere, 1999an, 2003an eta azkena 2006an. Pilotari zen garaian, berriz, hiru txapel jantzi zituen Herriarteko Txapelketan: 1974an, 1975ean eta 1977an, zehazki.

Hainbat dolumin mezu

Andueza hil eta gutxira hasi dira dolumin mezuak zabaltzen sare sozialetan. Xabier Euzkitzek eta Azkoitiko Udalak Twitterren egin dituzte adierazpenak:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide