Bizitzeko poza eman dio bidaiatzeak

Andoni Elduaien 2021ko mai. 29a, 20:08
Maritxu Errazkin.

Sei hamarkada egin behar da atzera Aldalur autobus enpresaren historia gertutik ezagutzeko. Hain zuzen ere, 1960. urtean jarri zuten martxan autobus enpresa Maritxu Errazkinek eta bere senar Roque Aldalurrek. Errazkin autobusak gidatzen hasi zen lehen emakumeetako bat izan zen inguruotan, eta ordutik, gelditu ere egin gabe ibili da han eta hemen.

Roque Aldalurrek eta Maritxu Errazkinek ezkondu eta denbora gutxira jarri zuten Aldalur autobus enpresa martxan. Gainera, bitxia bada ere, Errazkinek bere senarra ibilgailu baten bueltan ezagutu zuen. "Nire senarra lehen taxistetako bat izan zen Azkoitian. Ezkondu aurretik taxia zuen hark, eta nire ahizparen ezkontzarako taxia eskatu genionean ezagutu genuen elkar". 60 urte pasatxo daramatza Azkoitian bizitzen Errazkinek, eta beste horrenbeste Aldalur autobusen bolanteekin harremanduta. Gaur gertatu izan balitz bezala azaltzen du Errazkinek nola eta zergatik zabaldu zuten autobus enpresa. "Senarrak Alfa Romeo furgoneta bat erosi zuen, eta hura autobus bihurtu behar zuela esanez iritsi zen etxera egun batean. Ordezko piezekin-eta egiten zuen lan senarrak. Lantegi bat zuen eta pieza haiek saltzen ibiltzen zen. Lan haietan zebilela, furgoneta bat erosi eta 'hau autobus jarri behar dugu' esan zidan", hasi da Errazkin enpresaren hastapenen inguruan hizketan.

Aldalurrek Alfa Romero furgoneta hura autobus bilakatu zuen denbora gutxian. "Hamar lagunentzako prestatu zuen, eta segituan jarri genuen errepide gainean", azaldu du Errazkinek. Ibilgailu batek autobusaren izendapena izateko, hamar lagunentzako tokia izan behar du, eta Aldalurrek baldintza hori bete zuen enpresa martxan jartzeko. Ibilgailu txikia izan arren, itxura onekoa prestatu zuela esan du Errazkinek. "Erosi zuen furgoneta txikia zen, baina oso polita ipini zuen. Autobus izateko baldintzak betetzeko gehigarri guztiak jarri zizkion: mahaiak, hozkailua eta kafetegia". Gainera, bi hilabeteren buruan hiru autobus izatera iritsi zen Aldalur, segituan erosi baitzuen bigarren furgoneta senarrak. Furgoneta hura "lehenaren berdina" bazen ere, "xumeagoa" zen. Erosi zuten hirugarren ibilgailua, berriz, Perkins markakoa zen. “Hiru ibilgailu haiekin martxa handia izan genuen”, nabarmendu du. Aurrerago, aldiz, Barreiros markako autobusa erosi zuten, eta "oso txarra" atera zitzaien hura. "Ia porrot egin genuen autobus harekin, beti matxuratuta zegoelako. Lehendabiziko Barreiros Pegaso autobusak oso txarrak atera ziren. Gero, asko hobetu zituzten, eta egun ezagunak dira mundu mailan".

"Eskaera handia" zutelako jarri zituzten martxan hiru autobusak; izan ere, ibilgailu aldetik Azkoitiko orduko panorama ez zen gaur egungoa bezalakoa. "Ez zegoen ia autobus zerbitzurik hemen. Donostiarako zerbitzua bakarrik zegoen martxan, eta hura ere oso maiztasun gutxirekin; izan ere, Azkoititik Donostiara joaten zen autobusak egunean bidaia bat egiten zuen, eta berdin Tolosara”. Urolako trena martxan zegoen, baina 1988ko otsailean eten zituen bidaiak behin betiko. "Trena gelditu zutenean, hura berriz martxan jarri arteko akordioa sinatu nuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin; Zumaia eta Zumarraga arteko autobus zerbitzua eskaintzeko baimena eman ziguten. Trena, ordea, ez dute jarri, eta guk utzi genion zerbitzu hori eskaintzeari".

Errazkinek adierazi du eskaria "handia" zela Azkoitian, baina herritarren aldetik jasotako erantzuna ere ikaragarria izan zela. "Erantzuna oso ona izan zen. Zegoen eskari guztiari erantzuteko autobus bakarra ez zen nahikoa, eta horregatik prestatu genituen denbora gutxian hiru autobus. Udan, berriz, bidaia luzeak egiten genituen. Lehen bidaiak Espainian egin genituen, Andaluzia aldera eta; baina Europara ere segituan hasi ginen antolatzen". Errazkinek dio Andaluzia beti izan dela jendearen gustukoa, "eguraldi epelagatik eta hondartzengatik". Horren baitan, Errazkinek gaineratu du Euskal Herriko klima "asko epeldu" dela urte gutxian.

Urte asko gidatzen

Autobus enpresa ireki eta berehala hasi zen Errazkin Aldalurreko autobusak gidatzen. Enpresa martxan jarri zutenean, Errazkinek "denetik" egin behar izaten zuen. Autobuseko gidabaimena ere segituan lortu zuen. "Autobus gidariak behar genituen etxean. Behin, gizon bat etorri zen gurera, eta hark C mailako gidabaimena zuen, kamioiak gidatzekoa; baina autobusak gidatzeko D mailakoa behar da. Kamioienak balio ez zionez, D gidabaimena atera beharko zuela esan genion, eta segituan hasiko zela erantzun zigun. Bi aldiz saiatu zen arren, ez zuen atera. Orduan, azterketa ezin zuela gainditu eta enpresan bestelako lanen bat eman beharko geniola esan zigun. Gainera, azterketa hura probatzera joateko esaten zidan, orduan ikusiko nuela-eta gainditzea zein zaila zen. Hala erabaki nuen gidabaimena ateratzen hastea". Senarrak gidabaimenaren beharrik ez zuela esaten zion Errazkini, baina "azterketa nolakoa zen ikusteko", joan egingo zela erabaki zuen. Aurrenekoan atera zuen autobuserako gidabaimena, Bilbon. "Harrezkero, nire gustuko lana izan da gidatzea, sekula ez dit eman alfergurarik", kontatu du. Errazkinek gidabaimena atera zuenean, oso arraroa zen Azkoitiko kaleetan ibilgailuak ikustea. Autorik ez zegoen herrian, eta noski, gidariak ere oso gutxi. "Azkoitian bi edo hiru auto egongo ziren, Zelaiarena eta beste bakarren batena".

Hasieran, autobus gidari baino taxi gidari gehiago ibili zen. "Autobusak gidatzeko baimena izan arren, eskaera handiena taxiarekin zegoen eta. Langileekin ere ibiltzen nintzen; izan ere, taldetxo bat bazen egunero hemendik Beasainera lanera joaten zena. Haiek izan ziren nire aurreneko lanak".

Orduko errepideak ere "lasai-lasaiak" zirela gogoan du Errazkinek. Baina errepide txarrak ere zapaldutakoa da: "Orduan, bazeuden Zumarragara bidean maniobrak egin beharreko bihurguneak; pentsa, zer izaten zen bi auto aldi berean parean egokitutakoan".

Zazpi seme-alabak hazi, enpresako administrazioko kontuak egin eta gidatu egin behar izaten zuen Errazkinek: "Etxeko komodina izan naiz". Seme-alabak heztea eta lana uztartzea egokitu zitzaion enpresaren lehen urteetan. "Lan oso zaila izan zen. Nire beldurrik handiena izaten zen iluntzean etxera iristea, umeei afaltzen ematea, eta haiek bainatzea nahiz lotaratzea. Sekulako lana zen, baina gaztea nintzen, eta egin egiten nuen".

Eskoletako haurrekin ere urte askoan egin zuen lan Errazkinek. Maitasun bereziz oroitzen ditu mendi auzoetatik herriko eskoletara eramaten zituen ikasle txiki haiek. "Egin dudan lanik ohikoena izan da hori. Azkoitian, Zestoan, Zarautzen... ibili naiz horretan. 1965. urtean, Zestoan hasi ginen eskoletara haurrekin joan-etorriak egiten; mendi auzoetatik ikasleak Zestoara eramaten genituen. Herri askotan ibili izan ginen garraio lan horretan".

Bidaia bidaiaren atzetik

60 urteko ibilbideak bidaia asko egiteko beta ematen du. Europa guztia ez, baina ia guztia zeharkatuta du Errazkinek. "Lehen bidaia luzeak Extremadurara hasi ginen egiten. Han zerbait egiteko beharra zuten pertsonak eramaten genituen hemendik; gainera, bestelako aukerarik ere ez zuten hara iristeko; Serena eskualdera joaten ginen gu. Gure bitartez beren herrietara joateko aukera ikusi zutenean, eskaerak jasotzen hasi ginen". Halere, Errazkinek dio ez zela bidaia motza izaten. "24 ordu pasatzen genituen Extremadurara arteko 800 kilometroko bidea egiten, bideak zein ibilgailuak egungoak baino kaskarragoak ziren, eta orduko 40 kilometroko abiaduran joaten ginen".

Loiola Bidaiak izeneko bidaia agentzia ere ireki zuen Errazkinek, nahiz eta egungo egoeragatik orain itxita duten. "Bidaiak geuk antolatu ahal izateko legezkotasuna izan genezan ireki genuen agentzia; izan ere, aurretik Bilboko beste agentzia baten bidez antolatzen genituen bidaiak". Errazkinen iritziz, "desberdina" da bidaia norberak antolatutakoa denean. "Guk eskatutakoa ematen ziguten beste agentziek ere, baina gurea ireki genuenean gure gustuko bidaiak hasi ginen egiten". Azkoitian, halaber, Errazkinek ireki zuen lehen bidaia agentzia. "Aurretik herrian ez zegoen beste bidaia agentziarik; geu izan ginen lehenak". Bezeroek eskatutako bidaiak eta agentziaren bitartez prestatzen dituzten bidaiak egiten dituzte oraindik orain Aldalur enpresan. "Toki bereziak aurkitzen saiatzen gara, ikusteak pena merezi duen leku erakargarriak. Espainiako zirrikitu guztiak ikusita ditugu, behin baino gehiagotan joan baigara leku guztietara". Era berean, Errazkinek gustuko du joandako herrialde bakoitzetik hango produktu bereizgarriak etxera ekartzea. "Joaten garen leku bakoitzetik han duten gauzarik bereziena ekarri ohi dugu etxera". Hori baino gehiago ere egin izan dute, ordea, bidaietan. "Joan izan garen leku guztietan herrialdean bertan ohikoa den afari bat egitea gustatzen zaigu. Ikaragarria izaten da une hori". Europa guztiko ia herrialde guztiak zapaldu ditu Errazkinek, baina baditu oraindik ere bidaiak antolatzeko herrialdeak mapan borobilduta. "Irlandarako bidaia dugu buruan, baita Greziakoa ere. Ea egoera hau gainditzen dugunean bidaiatzeko moduan garen".

Errazkinek dioenaren arabera, "talde batua" joaten da beraiekin udan bidaiatzera, eta horien inguruan ere solastu nahi izan du Azkoitiko bizilagunak. "Urte askoan antzerako jendea joan izan gara bidaia egitera. Tartean izango ziren kide berriak ere, baina, udako bidaietan urte askoan pertsona berak ibili gara".

Errazkini oso zaila egiten zaio egin dituen bidaia guztien artetik bat aukeratzea. "Ahalko banu, bidaia guztiak aukeratuko nituzke. Halere, ikaragarri gustatu zitzaidan Kroazia azkeneko aldiz joan ginenean. Errusia ere oso berezia da". Bidaien ondorioz, gainera, jende ospetsu askorekin egin du topo. "Espainiako Letizia erregina ezagutzeko aukera izan nuen, kazetaria zen garaian. Guk garraio kongresu bat izan genuen Asturiasen [Espainia], eta bera kongresu hura lantzera joan zen kazetari moduan, eta harekin hitz egiteko aukera izan genuen. Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiarekin ere hitz egindakoa naiz presidente izendatu aurretik.

Horrez gain, Pio XII. aita santuarekin egoteko aukera ere izan nuen. Eskolatik Erromara [Italia] joan behar izan genuen, eta ni eraman ninduten eskolako ikasle onena bezala. Ikasle isila nintzen, eta ondo portatzen nintzen; izan ere, ez genekien erdaraz, eta isilik egotea erraza izaten zen orduan guretzat".

Autobus barruko lana

Autobusak ikaragarri aldatu dira azken urteetan. Lehengo eta oraindo irudiak alderatzea nahikoa da horrekin jabetzeko. Errazkin bera ere bat dator aldaketa egon dela baieztatzerakoan. "Gure lehen autobusei bolantea mugitzea ere kostatu egiten zen, gogor-gogorrak ziren, eta orain, behatz batekin bakarrik mugitu daitezke. Gaurko autobusek, gainera, botoi pila bat dituzte". Lanik handiena botoi bakoitzak “zertarako balio” duen jakitea dela dio, baina, bestela, "dena" erraztu dela. Nabaritu duen beste aldaketa bat ere gogorarazi du. "Gogoan dut, martxak aldatzeko palanka luze-luzea izaten zutela lehengo autobusek, eta geuk ere eserlekutik luzatu egin behar izaten genuen martxak aldatzeko". Halere, Errazkinek dio azken- azkeneko autobusak erabili ohi izan dituztela beren enpresan, jakinarazi du Irizar enpresaren bi solairuko autobusa erosten lehenak izan zirela Espainiako Estatu osoan. "Dragon izeneko modeloa zen, eta maitea genuen. Oso dotorea zen eta atentzioa deitzen zuen joaten ginen leku guztietan".

Autobuseko gidari ona izateko bezeroekin "ondo eramaten" jakin behar da haren ustez. "Era guztietako pertsonak garraiatzen dira, eta pazientzia eta umore ona behar dira. Pentsa, umeak eskolara eramaten nituenean, eskolako lanak egiten ere laguntzen nien bati baino gehiagori".

Lanean etenik gabe

Aldalur enpresan sortzen diren eguneroko lantxoak egiten jarraitzen du Errazkinek gaur egun. Autobusa, berriz, iaz alarma egoera ezarri aurretik hartu zuen azkenekoz. 2019. urtean, esaterako, Eskozian eta Benidormen izan zen, eta bidaia haien "oroitzapen zoragarriak" ditu gordeta. Benidormera (Herrialde Katalanak), gainera, beste autobus gidari batekin bolantean txandak eginez joan zen. Hura izan zuen bolantean bere azken lanetako bat; izan ere, iaz udan geldirik egon behar izan zuten. Errazkinek argi du: "Bidaiatzeak orain naizen guztia eman dit, bizitzeko poza eman dit". Urte askotan lan asko egindakoa da Errazkin, eta 2003. urtean, Laneko Merezimenduaren Domina eman zion Espainiako Gobernuak.

Egin duen lana "gustukoa" izan duela azpimarratu du Errazkinek, eta aukera izango balu, berriz autobus gidari lana hautatuko lukeela. "Erraz egin dut lana eta jarraitu egingo dut. Osasuna eta lanerako aukera baldin badaude, segitzeko prest nago ni. Ahizpa batek esaten dit, zergatik ez naizen jubilatzen eta honekin ahazten. Nire saltsa, autobusen egunerokoan dago, eta ezin dut utzi. Jakina, beste enpresa batentzako egin behar izan banu lan ez zen horrela izango, baina etxerako lan eginda, desberdina da". Esaerak dioen moduan, gustuko lekuan ez dago aldaparik, ezta Errazkinentzat ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide