Javier Telleria: "Neke mentala handia da, oso gorabeheratsua izan zen bizitakoa"

Julene Frantzesena 2021ko eka. 1a, 07:54
Javier Telleria.

Azkoitiko bizilagunak 'Aita Mari' ontziko taldeak Mediterraneo itsasoan egindako azken erreskatean parte hartu zuen otsailean; 102 lagun erreskatatu zituzten. Esperientzia gogorra izan zen arren, baina denborarekin errepikatuko lukeela aitortu du.

"Bizipen oso gogorra". Hala deskribatu du Javier Telleria (Donostia, 1959) Azkoitiko bizilagunak Mediterraneo itsasoan bizi izandako esperientzia. Otsailean atera ziren Adratik (Almeria, Espainia) Libia eta Italia arteko migrazio bidera, Itsas Salbamendu Humanitarioa (ISH) gobernuz kanpoko erakundeak migratzaileak erreskatatzeko erabiltzen duen Aita Mari ontzian. Otsailaren 18an, 102 pertsona erreskatatu zituzten. Telleriak ez ditu ahazteko itsasoan aurkitu zituzten pertsona haiek, ezta haien begiradak ere.

Badira aste batzuk Azkoitira itzuli zinela. Nola zaude?

Digestioa egiten. Izan ere, hilabete gogorra izan da bizitakoa. Neke mentala handia da, oso gorabeheratsua izan zen bizitakoa, eta hunkigarria eta intentsoa ere bai, era berean. 32 egun egon ginen lurrik ukitu gabe, horietatik hamar ikusi ere egin gabe.

Itsasoratzea ere kostatu zitzaizuen. Almeriatik atera ezinik egon zineten hainbat egunez, ezta?

Aita Mari abenduren 23an iritsi zen Adrara, eta 50 egun igarota itsasoratu zen. Otsailaren 5ean atera behar genuen itsasora, baina hil haren 12an irten genuen, hamar egun itsasontzia errebisatzeko zain egon eta gero. Gero, bost egun behar izan genituen migrazio bidera iristeko; izan ere, itsasontzi txikia da Aita Mari, 32 metro luze eta zazpi zabal ditu. Adratik atera orduko esan zigun patroiak lauzpabost orduz hiru-lau metroko olatuak izango genituela, eta halaxe izan zen: gogorra izan zen itsasoratzea.

Otsailaren 18an gauzatu zenuten erreskatea. Nolakoa izan zen?

Hilaren 17ko goizaldean iritsi ginen migrazio bidera. Itsaso zakarra zegoen, iparrak jotzen zuen, eta hegoak jo behar du migratzaileen ontziak itsasora ateratzeko. Usoak bezala egoten dira zain, eta eguraldi onarekin ateratzen dira. 04:00etan jaso genuen Alarm Phonen abisua, eta 05:45 aldean aurkitu genuen 102 lagun zeramatzan ontzia. Protokoloa jarri genuen martxan: lehenengo pertsona haiek lasaitu genituen, informazioa eman genien, egoera aztertu genuen; izan ere, motorra izorratuta zuten, jakirik gabe zeuden, ez aurrera eta ez atzera... Pertsona haiek seinaka edo zazpinaka hasi ginen Aita Marira eramaten, zodiakean hartu eta ontzira sartzen; bi ordu inguru iraun zuen erreskateak. Pertsona bat konorterik gabe zegoen; gorputz ia guztia erreta zuen, baina arnasa hartzen zuen. Azkar artatu zuten itsasontziko medikuek, eta hiru egun erizaindegian igarota, errekuperatu egin zen. Izugarria izan zen: sekula itsasorik ikusi gabeko 102 lagun aurkitu genituen zortzi metroko ontzitxo batean; oka eta pisa gainean eginda, gasolina usain ikaragarriarekin... Eta, hala ere, ez ziren batere kexatu. Gehienak somaliarrak ziren, baina marokoarrak, egipziarrak, pakistandarrak, siriarrak, ugandarrak... ere baziren. Gehienak gazteak, eta bost emakumeak; ume bat ere bazen.

Erreskatea bukatuta, beste abisu bat jaso genuen 10:00etan, baina Aita Marik 120 lagunentzat du lekua –ezin du kopuru hori gainditu, pertsona gehiago erreskatatuz gero, Palermon [Italia] atxikitzen baitute lau hilabetez–. Ontzia oraintxe martxan eta oraintxe geldirik zebilen, inguruan arrantza ontzi pila bat zeuden, baina horiek ez zuten ezer egin. Ontzira gerturatzea erabaki zuen Aita Mariko taldeak, pertsona haiei salbamendu txalekoak, janaria eta ura ematea zein norabidea markatzea; izan ere, ezin genituen erreskatatu. Haiei laguntzen ari ginela, beste pare bat lantxa ere ikusi genituen 80-100 lagunekin; aurrera zihoazen. Itsaso ona dagoenean, denak batera ateratzen dira uretara, baina lau ontzitik bi besterik ez dira iristen berriz lurrera; eta asko Libiara itzularazten dituzte hango patruilariek.

Erreskatatu zituzten migratzaileak 'Aita Mari' ontzitik irtenda, Augustako portuan.

102 lagun haiek Aita Marin sartzean, zer?

Denek erizaindegitik pasatu behar zuten aurrena, eta janaria eman behar zitzaien gero. Kapitainak- eta 102 pertsona erreskatatu genituela eta portu seguru bat behar genuela eskatu zuten. Gertatzen dena da Libia ez dela portu segurua, eta beraz, Malta edo Italia gelditzen dira aukeran, baina Maltak ez du erantzun ere egiten. Izatez, erreskate bat egitea betebeharra denez, gertuen dagoen portu segurura eraman behar dira pertsona horiek, baina Tunez ez da Europa eta Libia ez da portu segurua.

Libiarekin zer gertatzen da?

Erreskate eremuan, lehenen iristen denak egiten du erreskatea, gertuen dagoenak, eta Libiarekin ez dago bromarik. Libiako patruilariek dirua jasotzen dute erreskatatu eta hara itzularazten duten ontzi bakoitzeko, eta Europak Libiari dirua ematen dio ontziak atera ez daitezen. Kontua da migratzaileak oso urduri jartzen direla ontzi gris bat ikusten duten bakoitzean, Libiako patruilariena dela uste dutelako, eta halakoetan, igerian ez dakiten arren, itsasora saltatzen dute; berdin zaie hiltzen baldin badira, Libiara ez dute nahi itzuli. Sarraski bat da. Orain, fluxua Libiara joan da, baina hangoa mozten badute, Egiptotik aterako dira, eta handik ez bada, beste nonbaitetik. Lehen giza eskubidea, libre jaiotzekoa, ez dute bermatuta pertsona horiek.

Augustan (Italia) porturatu zineten. Zerekin egin zenuten topo?

Urrunen zegoen portura bideratu gintuzten. Ikaragarrizko portua da hura. Hara iritsita listo ginela uste nuen nik, eta denok oso pozik ginen. Ontzitik atera zituzten bakarrak ospitalera eraman beharreko pertsonak izan ziren, ordea; gainerako pertsona guztiei Aita Mari bertan egin zieten azterketa. Portu hartan zegoen leku pilarekin... Lau egunez itsasontzian egon ginen denok, eta egun horiek pasatuta eman ziguten moilara gerturatzeko aukera. Koronabirusa ere gurean genuen; hamalau lagunek eman zuten positibo. Orduak eman zituzten ontzian ziren pertsonak handik ateratzen, eta gazteak adin txikikoen zentro batera eta gainerakoak transatlantiko batera eraman zituzten berrogeialdia egitera. Izan ere, Italiak halako sei ontzi ditu kontratupean, eta horiei eguneko 50.000 euro ordaintzen dizkie. Kontuak aterata, hilean bederatzi milioi euro dira. Zenbat laguntza eman daiteke dirutza horrekin migratzaile horiek ihes egin duten lurretan? Sorterrian bizi duten egoera dela-eta etortzen dira Europara; behartuta daude etortzera.

Oztopo nahikoa ez, eta COVID-19aren pandemia...

Surrealista zen guztia. Aita Marin koronabirusaren gune bat prestatu genuen, baina erreskatatuak ez ziren kabitu ere egiten. Oso gogorra izan zen hura. Dena den, Augustara iritsi ginenean une oso polit bat bizi izan genuen: han zegoen Ocean Viking erreskate ontzia gure zain, "Ongi etorri" zioen pankarta batekin. Hunkigarria izan zen. Gero, etxera itzuli aurretik, hamalau eguneko berrogeialdia egin behar izan genuen portuan, eta eguneko izugarri ordaindu behar izan zuen ISHak. Lurra ezin genuen ukitu, baina 200 metrora genuen. Ulergaitza zen guztia... Bost eguneko bidaia egin genuen etxera itzultzeko.

Telleria Edouard Thiam marinelarekin.

Zer harreman izan duzue erreskatatutako pertsonekin?

Errespetuagatik ez diegu ezer pertsonalik galdetzen, baina gauza asko jakin ditugu: emakume ia guztiak bortxatu egin zituzten, mutil gazte asko ere bai, torturak jasaten dituzte... Mafiek Libiako basamortuaren erdian utzi eta handik atxikitze zentroetara eramaten dituzte askotan. Eremu horiek ere mafiek kudeatzen dituzte, eta hori izaten da beraientzat gogorrena. Mafiek edozer egiten dute haiekin, eta pertsona horiek ez dute izaten ezer galtzeko, duintasuna ere galduta iristen dira. Mafiei dirua ordaintzen dioten pertsonak kostaldera eramaten dituzte, eta han esaten diete noiz atera behar duten itsasora, baina kostazainekin bat eginda egoten dira mafiak...

Europara iristean, zer oztoporekin egiten dute topo?

Gerran dagoen lurralde batetik datozen pertsonek asilo politikoa eskatzeko eskubidea izaten dute. Italian, adibidez, errefuxiatuen kanpamenduetara eramaten dituzte, legez kanpo sartu direlako hara; eta adin txikikoak, teorian, zentroetara. Ahalegintzen omen dira familietako kideak elkarrekin mantentzen, baina askotan ez dira familiak izaten ontzian iristen direnak: gazteak banaka, emakumeak umeekin... Errefuxiatuen kanpamenduetako baldintzak nolakoak diren badakigu; ikusi besterik ez dago Kiosen-eta nola dauden. Europara iritsi eta bospasei hilabetetara elkarrizketa bat egiten diete migratzaileei, baina erantzuna elkarrizketatzailearen egunaren araberakoa izaten da: asilo baimena jasotzen dutenak zerrenda batean sartzen dituzte, eta, gero, Europako estatu bakoitzak zerrenda horietatik hartu behar lituzke migratzaileak. Kontua da elkarrizketa iristerako zentroetatik-eta alde egiten dutela askok, eta legez kanpoko munduan sartzen direla. Beste asko, berriz, mafiek harrapatzen dituzte, eta prostituziora bideratzen dituzte edo baldintza oso eskasetan aritzen dira lanean.

Eta zein da Europako estatuek migratzaileak ez hartzeko jartzen duten aitzakia?

Europak banaketa ondo kudeatuko balu, ez litzateke arazorik egongo; hau da, migratzaile horiek guztiek ez lukete oraingo baldintzetan zeharkatuko Mediterraneo itsasoa. Pentsa, 500.000 milioi pertsona bizi gara Europan, eta migratzaileak milioi bat-edo dira... Ez dagoela horientzat lekurik? Begira, nire ama Frantziara joan zen gerra garaian, Eusko Jaurlaritzak lagunduta. Jaurlaritzak bazekien non zegoen, noren etxean egon zen, eta gerra bukatzean Euskal Herrira itzuli ahal izan zuen. Kasu honetan ere hala behar luke; hori bai, norberak erabaki behar du itzuli edo ez. Mugak kontrolatu egin behar dira, baina Europak hanka sartze ikaragarria egin du; izan ere, pertsonek etortzen segituko dute, eta zenbat eta gehiago gogortu baldintzak, are gehiago indartuko dira mafiak.

Eskuin muturraren diskurtsoa asko hedatu da Europan azken urteetan.

Hala da. Kiosen-eta arazoak sortu dira bertako bizilagunekin. Hasieran, boluntarioak oso ondo ikusita zeuden leku haietan, baina eskuin muturra hasi da mezu arrazista nazkagarriak zabaltzen, eta jendeak bat egin du horiekin. Boluntarioei nahiz proiektuei eraso egin diete; begira Zaporeaki zer gertatu zitzaion... Boluntarioek ezin izaten dute lasai irten kalera leku horietan. Baina horrelaxe hitz egiten dugu. Lehengoan kalean gizon batekin egin nuen topo, eta hala esan zidan: "Zer egon haiz marokoarrak hona ekartzen?".

'Aita Mari' ontzian eraman zituzten salbamendu txalekoak.

Bizitako esperientziatik zer ikasi duzu?

Ondo bizi garela banekien lehendik, baita heriotza gertu dugula ere. Baina pertsonak beste modu batean tratatu behar ditugula uste dut. Eta ez dugu konformistak izan behar, baina gutxiago kexatu behar genuke. Giza eskubide oro aldarrikatu behar da, baina gogoratu pertsona askok ez dituztela oinarri-oinarrizko giza eskubideak bermatuta. Hainbeste gauza ikasi ditut... Meritu ikaragarria dute ISHko kideek, egunero-egunero lanean aritzen direlako; izan ere, lan ikaragarri egin behar da lehorrean. Benetako misioa hemen dago.

Errepikatuko al zenuke esperientzia?

Denborarekin, bai. Esperientzia aberasgarria izan da, oso. Uste dut jende gehiagok probatu behar lukeela esperientzia. Hunkituta itzuli nintzen, eta hala jarraitzen dut. Hori bai, han egon arte ez dakizu zein den errealitatea; asko kontatuko dizute, baina bizitzea beste kontu bat da. Erreskateak ematen zidan kezka, baina horixe da errazena; protokolo oso zehatza dago eta badakizu zer eta nola egin behar duzun. Egoera ez zitzaigun gainera etorri, baina buruak eta bihotzak lan handia egiten dute. Izen-abizenak, maitasuna, begiradak, usainak... dena zurekin geratzen da. Nik zorte handia izan dut esperientzia hori bizitzeko aukera izan dudalako. Une gogor asko pasatu genituen, baina lehorreratzeko egunean behea jo nuen; haien besarkadak, negarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide