Gaitzizenen erreportajea

Zein da zurea?

Andoni Elduaien 2021ko eka. 6a, 09:00
'Perretxikos' familiaren aspaldiko irudia. (Argazkia: utzitakoa)

Ezizenez eta gaitzizenez dira Azkoitiko familia asko ezagunak herrian. Izenaren edo abizenaren ordez, ezizenez edo gaitzizenez deitzearen ohiturak indar handia izan du urte luzez herrian, eta gaur egun ere zientoka dira beren zein gurasoen baserriagatik, senideren ofizioagatik edota bestelako kontu bitxiengatik izena goitizen dutenak. Hala eta guztiz ere, transmisioa apaldu egin da azken urteetan, eta askok abizenez deitzen diote albokoari. Ezizenena edo gaitzizenena, ordea, ez da familia kontua bakarrik; izan ere, Euskal Herriko herri ia guztiek dute berea, eta azkoitiarrak sakelak bezala dira ezagunak. Azkoitiko zortzi familiarekin bildu da Maxixatzen maiatzeko aldizkarirako erreportaje hau osatzeko, eta beren ezizenak eta gaitzizenak nondik datozen kontatu dute.

Txorrotetarrak

Gutxienez bost belaunaldi daramatza Txorrote ezizenak Azkoitian. Horrela kontatu dute, behintzat, Javier, Maje eta Olalla Epeldek zein Oihana eta Eli Larrañagak. Guztiak dira txorrotetarrak, eta "harro" daude duten gaitzizenagatik. Familia honen gaitzizena ezagutzea nahikoa da, Azkoitian ezeren truke bestelako izengoiti bat jartzen zela baieztatzeko. "Gure birraitonak –Joxe Mari Epelde– janzten zuen baserritar txapelak txortena zuen. Antza, garai hartan ez zen ohikoa txapelak txortena izatea. Ez gaude ziur ezizenaren jatorria hori ote den, baina betidanik entzun dugunagatik, txapeletako txortena txorrote bezala ezagutzen zen garai batean", azaldu du Olalla Epeldek. Perretxikostarrak.

Harrezkero, familia hartako guztiei, eta bereziki Epelde abizena lehena edo bigarrena dutenei, Txorrote esaten diete. Gainera, txorrotetarrek elkarri gaitzizenez deitzen diote. "Kalean zein familiatakoak garen galdetzen digutenean, txorrotetarrak garela erantzun ohi dugu. Halaber, lehengusuok elkarri Txorro esaten diogu. Pentsa, Whatsapp taldea ere badugu lehengusuon artean, eta 'Txorrotetarrak' da taldearen izena", adierazi dute.

Azkoitian oraindik orain herritar askori ezizenez deitzen bazaio ere, txorrotetarrek uste dute etorkizunean joera hori galdu egingo dela. Gaitzizena pertsona bakoitza “zein familiatakoa den bereizteko” erabiliko dela uste dute, baina ez dute pentsatzen pertsonari deitzeko erabiliko denik. "Gustatuko litzaiguke gure seme-alabei jendeak Txorrote ezizenez deitzea, baina galdu egingo delakoan gaude. Nire alaba honek, esaterako, esaten du ez dela Txorrote", dio Eli Larrañagak bere alabari buruz hizketan. "Beste honek berriz aitari ere Txorrote deitzen dio", esan dute argazkian faltan den Iker Epelde Txorroteren alabagatik.

Pedromostonekoak

Pedromostonekoak ere aski ezagunak dira Azkoitian. Lehen begi kolpean ezizena irakurrita, askok pentsa dezake muztioa edaten zuen Pedroren batetik datorrela ezizena, baina ez da kasua.

Izaskun, Arantzazu eta Itziar Alberdi Pedromostenekuek dira, eta horrela azaldu dute beren ezizenaren jatorria: "Pedro Modesto Alberdi gure birratoinak bi seme izan zituen, batetik gu hiruron aitona, eta bestetik, gerora Santa Klara komentuan apaiza izan zen osaba. Pedromostoren semeak bezala ezagutzen zituen jendeak gure aitona eta osaba; izan ere, eta denboraren poderioz edo, Pedro Modestoren d eta e hizkiak jan egin zituzten, eta harrezkero, Pedromostonekuek gara gure familian", kontatu du Itziar Alberdik.

Pedro Modesto Alberdi Pedromosto, gainera, Azkoitiko alkatea izan zen, eta hari buruzko kontuak ere badakizkite hiru ahizpek. "Gure birraitona Pedro Modesto Alberdi zen, eta guk jakin dugunagatik, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen hasierara Azkoitiko alkatea izan zen. Haren alkatealdian, Guardia Zibilak bere egoitza Azkoitian kokatzea nahi izan zuen, baina gure birraitoina erabaki horren aurka agertu zen. Kontra egiteagatik isuna jarri zioten, eta isuna ordaintzearen aurka egin zuenez espetxean sartu zuten. Ez dakigu zenbat denbora igaro zuen gero han", azaldu dute Alberdi ahizpek beren birraitonari buruz.

Ondorengoek ere hartu dute Pedromosto ezizena. Arantzazu, Itziar eta Izaskunen kasuan, ordea, Pedromosto ezizena Joxe aitaren izenarekin eta beren izenarekin tartekatu izan dute azkoitiarrek. Modu honetan azaldu du Itziar Alberdik: "Gure aitari Joxe Pedromosto deitzen zioten, eta guri Itziar Joxe Pedromosto, Arantzazu Joxe Pedromosto edota Izaskun Joxe Pedromosto, gure aitaren izenagatik"”. Orain, berriz, izenez deitzen diete hiru ahizpei. Halere, bere belaunaldi ingurukoek edota zaharragoek familiari Pedromosto deitzen diote. "Itziar Urrestilan irakasle egon zenean, han ez zuten ezagutzen zein familiatakoa zen, baina Pedromostonekoa zela esanda berehala jabetu ziren", azaldu du Izaskun Alberdik. Jakitun dira, ordea, gaur egungo gazteek elkarri abizenez deitzen diotela, eta horrek pena ematen die.

Perretxikostarrak

Era guztietako gaitzizenak aurkitu daitezke Azkoitian, eta badira jakiekin lotura dutenak ere. Basoetako udazken loreari edo perretxikoari lotutakoa da ondorengo familia protagonistaren gaitzizena. Joxe Mari Sagarzazuren familiari Perretxikos deitzen diote herrian. Lau anai-arreba dira Perretxikostarrak: Joxe Mari bera, Belen, Jose Luis eta Juan Jose. Hala eta guztiz ere, Perretxikos ezizena lau horien aita Joxek eman zien.

Horrela kontatu du Joxe Mari Sagarzazuk gaitzizenaren jatorria: "Gure aita Floreagako eskolan ibili zen. Mertzenarioen aurretik ere salestarrak ziren Floreagan, paparzuriak deitutakoak. Eskola egun batean, ikasleek gelakideen aurrean deklamazioa egin behar izan omen zuten; hau da, guztien aurrean bertsoren bat kantatu edota gai zehatz baten inguruan hitz egin. Gure aitari, antza, perretxiko hitza egokitu zitzaion, eta hitz horren inguruan aritu behar izan zuen gelaren aurrean. Esaldiz esaldi perretxiko hitza tartekatu omen zuen gure aitak, eta badakizu zer den herri hau, ordutik aurrera Perretxikos gaitzizena geratu zitzaion; ez du beste istoriarik", kontatu du bere aitari Perretxikos gaitzizena jarri ziotenekoa.

Harrezkero, eta beste familia askok hartu duten gaitzizenei gertatu zaien bezala, Perretxikos gaitzizena laburtu egin dute, hitzak laburtzeko joera ere nabaria baita Azkoitian. "Orain, Perre deitzen digute guri", azaldu du Joxe Mari Sagarzazuk. Joxe Mariren ondorengoek eta bere anai-arreben seme-alabek, ordea, ez dute hartu Perretxikos gaitzizena; izan ere, anai-arreba guztiak herritik kanpo bizi dira. "Seguraski, nire semeak ez du jakin ere egingo Perretxikos deitzen digutela, eta semearen lagunek are gutxiago. Nire belaunaldiko lagunek, ordea, bai, Perre deitzen didate", nabarmendu du Sagarzazutarren artean seme zaharrenak.

Mokoluatarrak

Mokoroa baserrikoak dira gaur Azkoitian mokoluatarrak bezala ezagutzen direnak. Hamahiru anai-arrebetako hiru dira Joxe, Arantxa eta Mailu Garate. Anai-arrebetan zazpigarrena da Joxe, bederatzigarrena Arantxa eta hamabigarrena Mailu. Hiruren aita Mokoroa baserrikoa zen, eta noski, baita Joxe, Arantxa eta Mailu ere.

Ezizenaren jatorriari bueltaka, Joxe Garatek azaldu du gaztetan Moka deitzen zietela Mokoroa baserrikoei. "Moka handi eta Moka txiki, bi baserri horrela ezagutzen ziren Mokoroan". Moka sagar zuri mota bat da, eta familiak uste du hortik datorrela beren familiari izena ematen dio ezizena. Urteek aurrera egin duten bezala, baina, Mokolua ezizenez dira ezagunak orain Mokoroa baserrikoak Azkoitian.

Mokoluatarrak ezagunak dira herrian, batetik familia handia direlako, eta bestetik, herrirako zenbait lan egiten zituztelako. Joxek, Arantxak eta Mailuk gaurko dituzte lehengo kontuak. Haien arabera, elizarako baserritarrek beren eskaintza egin behar izaten zuten, eta beren aita garia batzen ibiltzen zen lantegietan eta baserrietan. Imilaune edo erreal baten laurdena ematen zuten baserrietatik, eta Joxek aitari laguntzeko bide luzeak egiten zituela azaldu du. "Ganoraz eman balute gutxienez... Patrikada txiki bat ematen zuten askotan edota plateretik putz eginda alde egiteko adina gari", adierazi du. Hiru anai-arreben ama, bestalde, Arumarrate baserrikoa zen. "Zelaianeko lukainkak eta odolkiak gure amak egiten zituen, eta bataioak izaten zirenean ere edozein etxetako sukaldetara joaten zen laguntzera. Martoixe egiten zutenean ere inguruko baserrietakoak elkartzen ziren elkarrekin bazkaltzeko", azaldu dute banan-banan hiru anai arrebek.

Gaur egun ere ezizenez ezagutzen dituzte mokoluatarrak herritarrek. "Mokoroa ondo esatea nahi izaten dugu, baina Moko, Mokolu ere deitzen digute", azaldu du Arantxak. Miel Garate eta Juan Joxe Garate Mokoluanekoen seme-alaba bezala ere ezagutzen dituzte, baina bestelako ezizen batzuk ere hartu dituzte gerora. Miel Garate, esaterako, ezaguna da herrian Ugarte edota Aguas ezizenengatik ere. Juan Joxe Garate, berriz, Kamatxo bezala ere ezaguna da. Era batera edo bestera, guztiek dute ezizenen bat oraindik orain.

Aurrera begira, Joxe itxaropentsu da eta Mokolua ezizenari eutsiko zaiola uste du. Gazteek-eta elkarri abizenen arabera deitzen diote, azaldu du Mailuk. Miel Garaterentzat, berriz, "mehetu" egingo da ezizenen kontua herrian. Juan Joxek ere "galdu" egingo dela dio.

Porruenekoak

Aritz eta Leire Zabaleta anai-arrebak dira, eta Jose Luis haien aita. Porruenekuek dira hirurak, hala ezagutzen dituzte Azkoitian, gaitzizenak izan ditzakeen aldaera guztietan. Aita-semeei gehienek Porrue esaten diete; Leireri, berriz, Porru.

Jose Luis jaiotzez Barakaldokoa izan arren, aurrekoak azkoitiarrak zituen. "Ama azkoitiarra nuen, aiton-amonak ere bai, eta neu ere, Bizkaian jaio arren, bizitza guztian Azkoitian bizitakoa naiz", argitu du. Hain zuzen ere, Jose Luisen aitonarengandik datorkie ezizena, baina ezin ziurtatu zergatik hasi zitzaizkion hari Porrue deitzen. Jose Luisek gogoan du frontoia zaintzen ibiltzen zela aitona, eta buelta hartan jarritako gaitzizena izango dela pentsatzen du. "Txikia zelako porru txiki esaten ote zioten edo... Baina ez dakit, neure okurrentzia da hori". Jatorria non izan dezakeen galdezka ibilitakoa dela esan du. "Osaba bat eta izeba bat bizi dira, eta galdetu izan diet, baina haiek ere ez dakite".

Jose Luisen aitonari jarritako ezizena seme-alabengana pasatu zen, eta Jose Luisen amari eta haren anai-arrebei Porruenekuek esaten zieten. Jose Luisen belaunaldiko senideen artean, ordea, batzuk bakarrik dira familiako tituluaren jabe. "Azkoitian gelditu da ezizena. Nire anai guztiak eta ni hala ezagutzen gaituzte, baina Soraluzen eta Donostian-eta baditugu lehengusuak, eta haiei ez diete Porrue esaten". Aritz eta Leire ere Azkoitian bizi direnez, familiako gaitzizenari eutsi egin diote; beren belaunaldiko bakarrak dira, Porruenekuen aldetik Azkoitian ez baitute beste lehengusurik. Dena dela, badute ezizenari helduko dion ondorengorik, Aritzen seme txikiak, nongoa den galdetuta, Porruenekue dela erantzuten baitu.

Tertziopelonekoak

Aitor eta Miren Beneitez anai-arrebak eta haien ama Kontxi Sagarzazu Tertziopelonekuek dira azkoitiarrentzat. Aitorrek azaldu ditu familiatik datorkien izenaren nondik norakoak: "Nire amaren aitona, gure birraitona, Aingeru Guardan jaio zen, eta abarketagilea izateaz gain, Azkoitiko Lanera Vascongada txapel fabrikako langilea zen; txapelak josten zituen. Ez zekien erdaraz, baina, hala ere, 'a mi me gustan la boinas de terciopelo' zioen kanta bat abesten omen zuen, eta hortik ezizena".

Herrian Terciopelo deitzen hasi zitzaizkion Kontxiren aitonari, eta gerora, Terziopelo, haren seme bakarrari, Kontxiren aitari. Denborarekin, ordea, ezizena indarra galtzen joan zela kontatu dute, geroz eta jende gutxiagok ezagutzen zituela familiako gaitzizenez, kasualitate bati esker berreskuratu zuten arte. Aitorrek azaldu du hori ere, hari gertatu zitzaiolako. "13 urte nituela, lagunekin Aingeru Guardara joan nintzen elurretan ibiltzera, lagun bat han bizi zelako". Aitorrek artean ez zekien Terziopelonekue zenik. "Hango amonak nongoak ginen galdetu zigun, eta ama eta aita zein nituen azaldu nionean, 'orduan zu Terziopelonekue zea' erantzun zidan. Lagunei grazia egin eta Tertzio deitzen hasi zitzaizkidan, eta horrekin geratu nintzen". Eta anaia Tertzio zenez, arreba gazteari Tertzia.

Familiako gaitzizena berreskuratu izanak poz ematen diela aitortu dute hirurek, "are gehiago izen horrek zer historia duen jakinda", Aitorren esanetan. "Terziopelo izan zen Azkoitiko azken abarketagilea, Plaza Berriko espaloian jarduten omen zuen abarketak egiten, eta hainbat argitalpenetan eman izan dute haren berri, baita Frantziako prentsan ere". Bera da Gorka Larrañagak Altzibarren margotu berri duen horma irudian ageri den gizonezkoa ere.

Familiatik datorkien ezizenari ondorengo belaunaldiek eutsiko dioten jakiteko oraindik goizegi dela diote, Mirenen semeak urte eta erdi besterik ez dituelako.

Txanpañatarrak

Ricardo, Mari Karmen, Karmen eta Beñat Eloza txanpañatarrak dira; "peto-petoak", Ricardoren arabera. Hiru zaharrenak elkarren artean lehengusuak dira, eta Karmenen iloba da Beñat. Gaitzizena nondik datorkien galdetuta, Karmenek eman du azalpena: "Nik entzun izan dudana da, Fernando VII.a erregeak hemendik alde egin behar izan zuenean, gure birramonak haren gortekoren batzuekin Frantziara joan behar izan zuela inude. Handik bueltatu omen zen esanez han edaten zutela edari bat ederra, eta txanpaina izena zuela. Handik, Txanpañanekuek gu". Mari Karmenek eta Beñatek buruarekin baietz diote, haiek ere hori entzun izan dutela. Hain zuzen ere, Beñaten aita, Karmenen anai-arrebetan zaharrena, izan zen gaitzezina nondik zetorren ikertzen aritu zena eta bertsio hori osatzea lortu zuena. Ricardok beste xehetasun bat erantsi dio Karmenek kontatutakoari: "Gure izeba Petrak-eta hotela eduki zuten Azkoitian, eta txanpaina oso gutxi edaten zuten garaietan, haiek Gabonetan txanpain kaxa ekartzen omen zuten opari". Bi istorioak elkarren osagarri izan daitezke, baina garbi dagoena da gaitzizenak edateko txanpainarekin duela zerikusia. Eta izenaren jabe ez ezik, izanarenak ere badira txanpañatarrak. Karmenek, esaterako, egunero jatorduan txanpain kopatxo bat edaten duela aitortu du, eta Mari Karmenek, egunero ez, baina tarteka-tarteka edatea gustatzen zaiola.

Belaunaldien joanean, familiako gaitzizena indarra galtzen joan dela diote, baina oraindik ere badirela eusten diotenak. Beñati eta haren anaiari, esaterako, Txanpaña esaten diote, Azpeitian bizi den lehengusu bati ere bai, baita Mari Karmenen ilobaren bati ere. Ezin jakin zenbat denbora gehiagoan iraungo duen, Mari Karmenen esanetan, "oraingo gazteek, familiako gaitzizenak baino, gehiago erabiltzen baitituzte abizenak eta horrelakoak".

Txipillotarrak

Jose Luis, Aitor eta Josu Aramendi aita-semeak dira, baina izenez inork gutxik ezagutzen ditu herrian, txipillotarrak baitira denentzat. "Niri, izenez, etxekoek eta bi anaien kuadrillakoek bakarrik deitzen didate; eta nire anaiei nire kuadrillakoek bakarrik, haientzat Txipillo ni naizelako", azaldu du Josuk. "Etxera telefonoz deitu eta Txipillogatik galdetzen zutenean ere, ez genuen jakiten nor jarri, hiru anai eta aita baikeunden aukeran", esan du Aitorrek.

Jose Luisen aitarengandik datorkie gaitzizena, baina Jose Luisek berak ez daki jatorri zehatza zein den. Josuk, ordea, zerbait entzuna duela dio: "Nik entzundakoa da aitonak erdaraz ez zekiela ondo, eta cepillo esan beharrean txipillo esan zuelako gelditu zitzaiola ezizena. Aitak dio istorio horren berririk ez duela, baina nik nonbaiten entzun dut; baliteke amak edo besteren batek kontatu izana".

Jose Luisek ez ezik, haren anai-arrebek ere eutsi zioten aitarengandik jasotako gaitzizenari. "Bi arreba eta anaia nituen, bakarra bizi da, eta gu denok izan gara txipillotarrak", esan du familiaburuak, "eta nire andreak ere Txipillonekue dela esaten du". Belaunaldi bat gazteagokoen artean, berriz, Jose Luisen hiru semeek bakarrik mantentzen dute gaitzizena. "Lehengusuak baditugu, baina Elgoibarren bizi dira, eta haiei ez diete Txipillo esaten", zehaztu du Aitorrek. "Hara joan zirenean, titulua galdu egin zuten; haiek, agian, guri Txipillo esan eta dena", gaineratu du Josuk.

Familiako ezinenari helduko dionik badutelako, gustura daude txipillotarrak. Izan ere, Josuren 11 urteko semeari, Oierri, dagoeneko Txipillo esaten diote lagunek. "Lehengo batean galdetu nion ea bere gelakoen artean zenbati deitzen dioten ezizenez, eta biri erantzun zidan; eta bat, bera, txipillotarra".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide