Amaitzear dira Txalonerrekako eta Txerloiako ur sareen berritze lanak

Andoni Elduaien 2021ko mai. 11a, 13:02

Txalonerrekan egindako lanen irudi bat. (Argazkia: udala)

Lanen aurrekontua 241.580,41 eurokoa izan da, eta udalaren eta Gipuzkoako Urak erakundeak duten akordioaren baitan egin dituzte lanak. Txalonerrekan eta Txerloian 900 metro hoditeria berritu dituzte. 

Gipuzkoako Urak-ek gaur, asteartea, amaituko ditu Txalonerrekako eta Txerloiako ur sareen berritze lanak. Bi hilabete baino gehiago eman dituzte lanak egiten herriko bi puntu horietan. Txalonerrekak hodi biltzaile bikoitza du, eta aurrerantzean euri urak eta ur beltzak edo fekalak banatuta jasoko dituzte auzoan. Esku-hartze horri esker, Txalonerrekako uren %100 jasotzen da bananduta. Era berean, lehengo zuntz-zementuzko hoditeriak fundiziozko hodiengatik ordezkatu dituzte, udalaren arabera "askoz ere gogorragoak eta erresistenteagoak" baitira.

Txerloia auzunean ere egin ditu hobekuntzak Gipuzkoako Urak-ek. Txerloian geratzen zen zuntz-zementuzko azken hoditeria zatia kendu dute, eta beraz, sarea guztiz berrituta gelditu da orain han. Halaber, futbol zelaira eramaten duen espaloiaren zati bat jaitsi egin da zebra bide parean, irisgarria izan dadin.

Bi guneen artean ia 900 metro hoditeria berritu dituzte. Lanen aurrekontua 241.580,41 eurokoa izan da. Gipuzkoako Urak erakundeak eta Udalak hitzartuta duten akordioaren baitan garatu dituzte obrak, eta aurrekontuaren zati bat –58.073,27 euro– Azkoitiko Udalak jarri du. Gainerakoa, berriz, Gipuzkoako Urak erakundeak finantzatu du; izan ere, bi erakundeen arteko hitzarmena tarteko, Gipuzkoako Urakek konpromisoa du 2028ra bitartean, Azkoitian hobekuntzetan 2.059.899 euro inbertitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide