LGTBI+ kolektiboaren aldeko erakusketa izango da ostiraletik igandera Elkargunean

Julene Frantzesena 2021ko mai. 11a, 11:39
'Opil eta Muxilen binetak' erakusketako irudi bat.

Opil eta Muxilen binetak erakusketa hiru egunez izango da zabalik. LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duten Erdialdeko Amerikako eta Euskal Herriko erakundeen arteko koordinazio espazioak sortzeko proiektuaren parte da erakusketa.

Opil eta Muxilen binetak erakusketa izango da ikusgai ostiraletik igandera bitartean Elkargunean. Gehitu eta Mugen Gainetik gobernuz kanpoko erakundeek 2018an kaleratu zuten komikitik eratorritako erakusketa da ikusgai jarriko dutena. Gainera, LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duten Erdialdeko Amerikako eta Euskal Herriko erakundeen arteko koordinazio espazioak sortzeko proiektuaren parte da erakusketa.

Erdialdeko Amerikako eta Euskal Herriko LGTBI+ kolektiboko pertsonek bizi dituzten zailtasunak eta horiek izaten dituzten erronkak ezagutaraztea du xede erakusketak. Zehazki, emakume lesbianek Amerikan eta Europan egunerokoan bizitzen dituzten egoerak erakusten duten hamar istoriok osatzen dute erakusketa.

Ostiralean 17:00etatik 19:00etara izango da zabalik erakusketa; zapatuan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta igandean, 11:00etatik 13:00etara. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean, berriz, ikastetxeetako ikasleentzat zabalduko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide