Xeyeko korrikalariek sei domina eskuratu dituzte Euskal Herriko Txapelketan

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 9a, 19:33

Julen Azpiazu azpeitiarra podiumeko lehen postuan. (Xeye)

Julen Azpiazu azpeitiarrak urrezko domina lortu du 3.000 metroko proban. Naiara Tena, Uxue Ortega eta Bingen Aranbarri azkoitiarra ere dominekin itzuli dira etxera.

20 eta 18 urtez azpikoen mailetako Atletismoko Euskal Herriko Txapelketak jokatu zituzten atzo, Durangon (Bizkaia). Han izan ziren Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko hainbat korrikalari, eta guztira, sei domina eskuratu zituzten denen artean.

20 urtez azpikoen mailan, bi domina lortu zituen Julen Azpiazu azpeitiarrak: hirugarren sailkatu zen goizeko saioan, 1.500 metroko proban, eta arratsaldeko saioan, 3.000 metroko proban, urrezko domina eskuratu zuen.

18 urtez azpikoen mailan, berriz, beste bi domina eskuratu zituen Naiara Tena azpeitiarrak: zilarra lortu zuen 400 metroko lasterketan, eta hirugarren sailkatu zen 200 metroko proban. Bestalde, Uxue Ortega azpeitiarra bigarren sailkatu zen 1.500 metroko lasterketan, eta Bingen Aranbarri azkoitiarrak zilarrezko domina lortu zuen proba berean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide