Anaitasunako neskei egin die ihes igoeraren ametsak

Andoni Elduaien 2021ko mai. 9a, 09:03

Etxean ere galdu egin zuen Anaitasunak Leioako Emakumeak taldearen aurka.

Leioako Emakumeak taldearen aurka 2 eta 0 galdu zuten atzo Gorka Zubizarretaren neskek, eta mailaz igotzeko zituzten aukera guztiak galdu zituzten.

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak agur esan dio Emakumezkoen Euskal Ligatik Liga Nazionalera igotzeko ametsari. Atzo, larunbata, 2 eta 0 galdu zuten Leioako Sarriena futbol zelaian (Bizkaia) Leioako Emakumeak futbol taldearen aurka. Atzoko porrotarekin eta mailaz igotzeko lehian ari den Athletic taldearen garaipenarekin, Anaitasunak mailaz igotzeko zituen aukera guztiak galdu zituen. Matematikoki egin die ihes, beraz, igoerak. 

Hala eta guztiz ere, denboraldi aparta egin du Gorka Zubizarreta entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak. Otsailerako, igoera fasera sailkatzea lortu zuen; gorrixei puntu gutxik egin zien ihes denboraldiaren lehen zatian. Igoera fasean, ordea, Athletic, Eibar eta Leioako Emakumeak talde indartsuen aurka jokatu behar izan du Anaitasunak.

Denboraldia amaitzeko hiru partida gelditzen zaizkio Anaitasunari. Elorrio eta Athletic jasoko dituzte Txerloian, eta Eibarko Unbe zelaian jokatu beharko dute Eibar taldearen aurka. Igoerarik ez dute lortuko Anaitasunak, baina mailaz igotzeko borroka betean sartuta dauden Athletic eta Eibar taldeen aurka epaile lana egingo du. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide