Lore sortak ere, bertakoak eta kimikorik gabeak hobe

Bizibaratzea-Garazi Zabaleta 2021ko mai. 7a, 09:49
Joey Albert eta Koldo Hormaza.

Baratzegintzan eta abeltzaintzan diharduten baserri eta proiektuez asko idatzi da sail honetan azken urteotan, baina loreak ekoiztetik eta saltzetik bizitzeko apustua egin dutenen adibide gehiegi ez da atera. Bada, horretantxe ari dira duela bi urtetik Koldo Hormaza eta Joey Albert, Baserriloreak proiektuko kideak: Azkoitiko Izarraitz mendian, aire zabalean, modu erabat natural eta ekologikoan loreak ekoizten dihardu bikoteak, eta inguruko merkatuetan saltzen dituzte ondoren. Urte asko Madrilen egin ostean, kazetaritzatik lorezaintzara salto egin eta 2016an iritsi ziren Arumarrate baserrira. Geroztik, lorez eta kolorez bete dute ingurua.

Slow Flowers mugimenduaren eta nekazaritza birsortzailearen baitan kokatzen dute Baserriloreak proiektua bi kideek. "Lore basati asko dugu gure lurretan, eta horiek landatutakoekin nahasten ditugu sortak osatzerakoan. Gainera, ekoizpenean ez dugu inolako kimikorik erabiltzen, eta landareak modu naturalean haziak dira", azaldu du Albertek. Ez dute negutegirik erabiltzen eta bertara ongi egokitzen diren loreak soilik landatzen dituzte. Ia 600 metroko altueran egonda, espezie aproposak aukeratzeko proba ugari egin behar izaten dituzte.

Ohiko lore-dendetako sortak non eta nola ekoitziak izan diren pentsatzera gonbidatzen gaitu Hormazak: "Normalean erosten ditugun lore sortak Herbehereetatik datoz, baina hara Ekuadortik, Keniatik edo urruneko beste herrialdeetatik doaz". Zer esan nahi du horrek? Erosten ditugun loreek guganaino iristeko makina bat kilometro egin dutela gehienetan, eta bidaia luzea zimeldu gabe egiteko kimiko ugari izaten dituztela. Baserriloreak proiektukoak, aldiz, arratsaldean ebaki eta biharamun goizean saltzen dituzte hurbileko merkatuetan, batik bat Azpeitikoan eta Azkoitikoan. Paradoxa da, Slow Flowers loreak besteak baino azkarrago iristea etxeetara.

Loreen kultura gurean zabaltzen

AEBetan eta Erresuma Batuan loreen kultura askoz hedatuago dagoela dio bikoteak, eta kultura hori gurera ekartzea eta hedatzea dute asmo. “Han jendeak astero jartzen ditu loreak etxean, ez da hemen bezala urtebetetzeetan eta antzekoetan soilik egiten den opari bat”, dio Hormazak. Hain zuzen, Erresuma Batuko lore-baserri batera joan zen Albert lan nola egiten zuten ikastera.

Bizibaratzea.eus-ek argitaratutako artikulua. Jarraitu irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide