Ekidaren 'Manifestua' ikuskizuna Azkoitira iritsiko da ekainean

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 6a, 20:09
'Manifestua' ikuskizunaren estreinaldiko irudia. (Ekida)

Ekidako kideek martxo erdialdean estreinatu zuten musika, olerkia, bertsoa, literatura eta kritika uztartzen dituen Manifestua izeneko ikuskizuna, eta orain lau emanaldi iragarri dituzte maiatz bukaeratik uztail hasierara bitarte. Emanaldi horietako bat Azkoitiko Baztartxo antzokian eskainiko dute ekainaren 19an, 19:00etan hasita. Sarrera librea eta doakoa izango da, baina erreserba aurrez egitea ezinbestekoa da. 

Otsailean sortu zen Ekida, kulturaren eta artearen esparruak ikuspuntu sozialistatik lantzea xede duen kultur ekimena. Euskal Herri osoan zehar hainbat aurkezpen egin ondoren, Ekidak joan zen martxoan oholtzaratu zuen estreinakoz sortutako lehen proiektua: Manifestua ikuskizuna. Gasteizen aurkeztu zuten musikaz, literaturaz, olerkiz, bertsoz eta kritikaz jantzitako ikuskizuna, eta orain, maiatz bukaeratik uztail bukaerara bitartean, Manifestuaren aurkezpen bira egingo dute. Guztira, lau emanaldi eskainiko dituzte: Elorrion, Gasteizen, Azkoitian eta Berriozarren. Horrenbestez, Gipuzkoako geltokia Azkoitia izango da. Ekainaren 19an eskainiko dute Manifestua Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. 

Ekidak kultur proiektuak jarriko ditu martxan, eta Manifestua da aurrenekoa. Sortzaileen hitzetan, "Ekidaren funtzionamenduaren adibidetzat" har daiteke ikuskizuna: "Hiru musikarik, bi narratzailek eta hiru abeslarik parte hartzen dute, baina baita teknikari talde batek, antolakuntzako jendeak eta militanteen sareak ere. Ekida ez da oholtza gainera igoko den artista taldea bakarrik: arte ekoizpen sozialistak eskatzen dituen baliabideak sortu eta antolatzeko egitasmoa da. Proiektuak sustatzea, alderdi formala garatzea, esanahiaren egokitasun politikoa aztertzea, artisten elkarlana bultzatzea, entseguak eta emanaldiak antolatzea...". 

Sarrerak doan, baina erreserbaz

Ordubete inguruko ikuskizuna da Manifestua, eta sarrera "doakoa eta librea" izango dela adierazi dute antolatzaileek, baina aurrez lekua erreserbatzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Gainera, erreserbak "ahalik eta azkarren" egitea gomendatu dute; izan ere, atzo iragarri zituzten emanaldien datak, eta dagoeneko asko dira jaso dituzten erreserbak. 

Ikuskizunerako sarrerak eskuratu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute harremanak@ekida.eus helbidera, emanaldira joango direnen izen-abizenak zehaztuz.

Hona hemen ikuskizunaren teaserra:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide