Gomazko palista azkoitiarrek osatu dute Herriarteko Txapelketarako taldea

Andoni Elduaien 2021ko mai. 6a, 08:32
Palista azkoitiarrak, Gurea pilotalekuan.

Errenterian hasiko dituzte txapelketako final zortzirenak. Gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako egungo txapelduna da Azkoitia. 

Gomazko paletako Azkoitiko taldea gogor ari da 2021. urteko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa prestatzen. Hurrengo asteburuan Errenterian ekingo dio txapelketari egungo Gipuzkoako txapeldunak; izan ere, koronabirusa tarteko, iaz ez zen txapelketa jokatu, baina 2019. urtean Azkoitiak jantzi zuen gomazko paletako Herriarteko txapela.

Ohi bezala, aurten ere gomazko paletako modalitatean hiru partida jokatuko dituzte 20 tantora. Lehen partidan, buruz-buru jokatuko dute bi herrietako palista banak; bigarrenean neurketan binaka arituko dira; eta hirugarren partidan, zazpi koadroren barruan jokatuko dute palistek buruz-buru.

Aurten ere balentria errepikatu nahi dute azkoitiarrek, eta zazpi lagun jo eta su ari dira prestatzen aurtengo txapelketara ahalik eta sasoirik onenean iristeko. Azken urteetan taldea osatu duten Igor Juaristik, Iker Epeldek, Marcos Azpirozek, Jokin Aizpuruk eta Igor Larrañagak taldean jarraitzen dute, baina, aurten, Aratz Zabaleta eta Amaia Aizpuru ere batu dira taldera. 

Azkoitiarrek Errenterian jokatuko dute final zortzirenetako joanekoa; oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango den, baina maiatzaren 14tik 16ra bitartean izango da. Itzulerako partidak, berriz, maiatzaren 21etik 23ra bitartean jokatuko dituzte palista azkoitiarrek Gurean. Final laurdenetara sailkatuz gero, Soraluze, Zumarraga edo Hernani izango du aurkari Azkoitiak. 

Hona hemen gomazko paletako Herriarteko Txapelketaren koadroa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide