Mankomunitateak kanpaina bat jarriko du martxan, hondakinen gaikako birziklapenaren garrantziaz ohartarazteko

Julene Frantzesena 2021ko mai. 4a, 11:57
Hondakin organikoak.

Urola Erdiko Mankomunitateak Birziklatu, zure esku dago kanpaina jarriko du martxan Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Ostegunean eta zapatuan informazio gunea jarriko dute herrian, herritarren zalantzak argitzeko. Gainera, etxe guztietara liburuxka bat banatuko du erakundeak.

Herritarrak bide onetik jarraitzera bultzatzeko eta sailkatutako hondakinen emaitzak hobetzea lortzeko kanpaina bat jarri du martxan Urola Erdiko Mankomunitateak. Birziklatu, zure esku dago izenburupean gauzatuko du kanpaina erakundeak, eta egunotan ekintza bat baino gehiago izango dira Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan.

Azkoitian, esaterako, informazio gunea jarriko dute ostegunean, 15:00etatik 20:00etara, Aizkibel liburutegiaren ondoan, eta zapatuan, berriz, 09:00etatik 14:00etara, plazan. Hiru ingurumen hezitzaile izango dira gune horietan, eta horiek herritarren zalantzak argituko dituzte.

Gainera, etxe guztietara liburuxka bat banatuko du mankomunitateak. Besteak beste, hondakin bakoitzari zer edukiontzi dagokion eta hondakinen sailkapen plantetan identifikatu ohi diren hondakin desegokiak zeintzuk diren jaso dute eskuliburuan.

Edukiontzietan bereizten diren hondakinak etxean ere bereizi egin behar direla zehaztea da kanpainaren xedeetako bat, baita gehiago eta hobeto birziklatu behar dela azaltzea ere. Mankomunitateak herritarren inplikazioaren garrantzia azpimarratu nahi du, hondakinak sailkatzeak maila partikularrean ez ezik, arlo sozialean, ekonomikoan nahiz ingurumenekoan ere abantailak sortzen dituelako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide