Mikel Azkoiti RFEF Lehen Mailara igo da Real Union futbol taldearekin

Andoni Elduaien 2021ko mai. 3a, 10:49
Mikel Azkoiti.

Datorren denboraldian jarriko du indarrean Espainiako Futbol Federazioak RFEF Lehen Maila, Bigarren Mailaren eta Bigarren B Mailaren arteko kategoria berria.

Mikel Azkoiti futbol jokalari azkoitiarra RFEF Lehen Mailara igo da Irungo (Gipuzkoa) Real Union futbol taldearekin. Atzo, igandea, Tarazona futbol taldearen aurka jokatu zuen Real Unionek Tarazonan (Aragoi, Espainia), eta 1 eta 2 irabazi zuten txuri-beltzek. Garaipena eskuratuta, mailaz igotzeko behar zituzten hiru puntuak batu ditu Real Unionek denboraldia amaitzeko hiru jardunaldiren faltan.

RFEF Lehen Mailan jokatuko du 2021-22 denboraldian Real Unionek; izan ere, Espainiako Futbol Federazioak datorren urtetik aurrera beste modu batera egituratuko ditu Espainiako Bigarren Mailatik beherako mailak. Real Union Bigarren B Mailatik RFEF Lehen Mailara igo da, Bigarren Mailaren eta Bigarren B Mailaren arteko mailara, hain zuzen ere. Hori horrela, egungo Bigarren B Mailari RFEF Bigarren Maila deituko diote, eta RFEF Hirugarren Maila izena hartuko du egungo Espainiako Hirugarren Mailak.

45 puntu batuta lortu du Irungo futbol taldeak mailaz igotzea, baina oraindik hiru jardunaldi gelditzen zaizkie denboraldia amaitzeko. Asteburuan, Osasuna B taldearen aurka arituko dira Gal zelaian, eta hurrengo asteburuan Ebro taldearen aurka jokatuko dute, etxetik kanpo.

Mikel Azkoiti, eskuinean, igoera ospatzen. (Argazkia: Real Union)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide