Aldaketaren aldeko aldarriek hartuko dituzte Azkoitiko kaleak bihar

Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian mobilizazioak egingo dituzte LAB sindikatuak, Kontseilu Sozialistak eta gazte eragileek deituta. LABek deitutako elkarretaratzea 12:00etan egingo dute herriko plazan, eta Urolako Kontseilu Sozialistak deitutako mobilizazioa 18:00etan abiatuko da plazatik. ELAk, bestalde, Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo ditu manifestazioak.

Maiatzaren Lehena da bihar, ospakizun eta aldarrikapen eguna langile mugimenduarentzat. Aurtengoa ere pandemiak baldintzatuko du, baina, gutxienez, eta iaz ez bezala, bihar kalera ateratzeko aukera izango dute; eta halaxe egingo dute. Sindikatu zein eragile, bakoitzak bere aldetik antolatu ditu mobilizazioak. Dena dela, denek nabarmendu dute aldaketaren beharra.

LAB sindikatuak "mugarritzat" jarri du aurtengo Maiatzaren Lehena. Argi du lanpostuen defentsan "bide berezitu bat" hasi beharra dutela: "Etor daitezkeen kapitalaren interesei lotutako lan murrizketei itxaron gabe, aurreratu beharra dugu". Izan ere, sindikatuko kideen aburuz, "ikaragarria" da jada eman den lan galera, "batez ere, gazteen eta emakumeen artean zein horiek lan egiten duten sektore prekarioetan". Horiek horrela, eta Maiatzaren Lehenerako hautatu duen leloak dioen moduan, aukera bakarra “aldaketa” dela uste du sindikatuak. "Orain arteko bidearen norabidea aldatzera goaz; zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarriz. Eta Maiatzaren Lehena izango da aldaketarako mugarria".

Hasiera batean eskualdeko manifestazio nagusia Azpeitian egingo zutela iragarri zuen sindikatuak. Baina "eskualdeko egoera epidemiologikoa ikusita", planteamendua aldatzea erabaki du azkenean, eta mobilizazioak herriz herri egitea. Azkoitian, 12:00etan egingo du LABek elkarretaratzea.

ELA sindikatuak, berriz, 'Aldaketa garaia da' lelopean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu manifestazioak. Lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma eskatuko ditu, besteak beste. Ikusteko dago, ordea, hiriburuetako manifestazioetara zenbat jendek izango duen joateko aukera, Eusko Jaurlaritzak herrien itxiera perimetralari eusteko erabakia hartu baitu. Epaileen esku dago auzia.

Kontseilu Sozialistaren deia

Sindikatuez gain, bihar kalera ateratzeko deia egin dute Urola Erdiko eta Urola Kostako kontse­ilu sozialistek ere. 18:00etan, mobilizazioa egingo dute 'Historia iraultzailetik prozesu sozialistara!' lelopean. Kontseilu Sozialistako kideek adierazi dute “ofentsiba kapitalista bete-betean gauden garaiotan, desjabetuoi geure memoriaren jabetza ere ukatua zaigun honetan, langileona dena langileongandik eta langileontzat aldarrikatzera, eta beraz, antolakuntza komunista aldarrikatzera” datozela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide