Elkarrizketa

Thierry Biscary: "Lanaren eta jolasaren arteko lotura da 'Hatsaz eta hotsez' kontzertuaren ardatz nagusia"

Nerea Uranga 2021ko api. 29a, 08:00
Thierry Biscary abeslaria eta perkusionista. (Argazkia: Kalapita produkzioak)

Azkoitiko Udaberriko Musikaldian Hatsaz eta hotsez kontzertua eskainiko dute datorren igandean, maiatzaren 2an, Thierry Biscary abeslariak eta perkusionistak, Thomas Ospital organo jotzaileak eta Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek. 18:30ean hasiko da musika emanaldia, Azkoitiko Parrokian.

Thierry Biscary (1976, Anhauze, Nafarroa Beherea) musikariak hainbat taldetan parte hartu du abeslari eta perkusionista gisa, besteak beste, Bost gehio, Bolbora, Hegalka, Triki traka, Kokin eta Kalakan taldeetan. Gainera, hainbat musikarirekin hainbat proiektu eta emanalditan jardun izan du. 2018an, berriz, bakarkako bideari ekin zion, hala metalezko tresnekin eta kantari talde batekin Manez eta Kobreak diskoa plazaratu zuen, eta Muda izeneko bere bigarren diskoa iaz. Musika tradizionala, munduko musika eta musika klasikoa jorratzen ditu. Igandean, Azkoitiko Udaberriko Musikaldiaren barruan, Hatsaz eta hotsez kontzertua eskainiko du Biscaryk, Thomas Ospital organo jotzailearekin eta Oreka TX-eko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariekin. 18:30ean hasiko da musika emanaldia, Azkoitiko Parrokian.

Hatsaz eta hotsez proiektuak non du abiapuntua?

2006an, Labeque ahizpak piano jotzaileekin kolaboratzen hasi nintzen, eta ordutik antzeko beste hainbat musikarirekin egin dut lana, tartean, Yves Reichsteiner organo jotzailearekin. Tolosako (Okzitania) organo jaialdia programatzen du, eta nire musikari ibilbidea ezagutzen du pixka bat. Hark egindako proposamenean du abiapuntua Hatsaz eta hotsez proiektuak: nirekin, euskal tradizioko musikarekin eta organoarekin zerbait egiteko gogoa zuela esan zidan. Gainera, horretarako Thomas Ospital organo jotzailea proposatu zidan. Aihertarra (Nafarroa Beherea) da; izenez ezagutzen nuen, baina ez pertsonalki. 

Hala, Thomas Ospital organo jotzailearengana jo zenuen.

Bai, orduan ezagutu nuen Thomas. Oso gaztea den arren, organoaren munduan ospetsua da. Badaukagu hor Ipar Euskal Herrikoa den izar bat. Ikustekoa da instrumentu handi hori nola dominatzen duen, eta nolako abildadea daukan inprobisaziorako ere.

Gero, Ospitalez gain, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak batu zenituen proiektura.

Ospitalekin hitz eginez planteatu genuen, ondo legokeela askotariko programa bat proposatzea. Nik txalaparta txertatzeko gogoa nuen, eta aurretik Orekako Harkaitzekin eta Mikelekin beste musika proiektu batean ibilia nintzen. Izan ere, txalapartari horiekin, Eñaut Elorrietarekin, Ander Zulaikarekin eta Labeque ahizpekin Hegiak izeneko taldea sortuta genuen. Hatsaz eta hotsez proiektuan talde hori osoa edukitzeko aurrekontua handiegia zen; beraz, Orekakoei proposatu nien txalaparta jotzeko, Thomasek organoa jotzen du eta nik ahotsa eta perkusioa. Era horretan osatu da euskal hatsa.

Hatsaz eta hotsez izena jarri diozu kontzertuari. Zergatik? 

Azkenean, kontzertuaren programaren ardatz nagusia lanaren eta festaren arteko lotura da, hortik dator Hatsaz eta hotsez izena. Esaterako, txalaparta nola pasatzen den sagardoa egiteko prozesu horretatik festa egitera. Musika tresna horren sorreratik abiatzen gara ardatz bat jarrita. Pieza oso desberdinak hartu ditugu; esaterako, badago kantu tradizional bat [Jean Baptiste] Elizanbururen Ikusten duzu goizean, edota inprobisatutako txalaparta pieza bat. Baina ardatza hatsa, hotsa, joko edota jolas hori da.

Errepertorioa zuk aukeratu duzu ala denon artean egin duzue lan hori?

Lanaren eta festaren arteko ardatz hori nik jarri diot. Gero, proposamen batzuk egin ditut Oi Pello, Pello, Ikusten duzu goizean… Gainera, Thomasi edozein gauza eskatuta ere ausartu egiten da organoarekin; horregatik, dantzako pieza gehiago sartu ditugu: Zortzikoa, biribilketa bat, Agurra. Thomasen abildadeak eta prestutasunak gauzak erraztu egiten ditu, eta poliki-poliki hezurdura hori osatzen joan ginen. Hezurdura horretan, hari gorri hori badago, baina inprobisazio dezente dago organoan, baita txalapartan ere. Aniztasuna ere badago: XVI. mendeko pieza batzuk daude, baina baita oraingo nire kanta bat ere eta Oreka TXen pieza batzuk. Guretzako inportanteena ez da garaia, inportanteena zer erakusten dugun da. Beraz, kantu tradizionala zer den eta horrekin nola jolasten ahal den ere erakutsiko dugu saioan. Tolosako Organo Jaialdian estreinatu genuen Hatsaz eta hotsez, eta harrera ona izan zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide